Bizikletak maileguan hartzeko ordutegia eta guneak areagotu ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 13a, 21:40

Getxoko Udalak bizikletak maileguan uzteko doako zerbitzuaren ordutegia eta mailegu-guneen kopurua areagotuko ditu, "udalerrian bizikletaren erabileraren aldeko apostu garbia egiteko helburuarekin". Maiatzaren 15etik azaroaren 15era bitartean indarrean egongo den zerbitzuak hiru helburu ditu: “garraiobide jasangarria sustatzea, udalerriaren ezagutza erraztea eta lana topatzeko zailtasunak dituzten pertsonei aukera bat ematea mailegua kudeatzen duen enpresaren bitartez”, Imanol Landa alkateak ezagutzera eman duenez. Ildo horretatik, Keltse Eiguren Ingurumen Arloko zinegotziak esan du zerbitzua aurrera eraman ahal izateko 15 getxoztar kontratatu dituztela, horietatik 10 emakumezko. Langileetatik hamar 40 urtetik gorako pertsonak dira, “gure udalerrian dagoen langabeziaren islada”. 2007an 2.429 lagunek erabili zuten zerbitzua udal arduradunek emandako datuen arabera. Argazkian, Landa eta Eiguren bizikleta gainean.

Ordutegia egunero 8:00etatik 20:00etara zabaltzeaz gain, mailegu-guneen kopurua ere aregotuko da aurten: bi izatetik laura. Bizikletak, berriz, 60 izango dira. Mailegu-guneak Bizkaiko Zubiaren ondoan, Ereaga hondartzan, eta lehendabiziko aldiz, Gobela kiroldegiaren ondoan eta Fadurako igerilekuen ondoan izango dira. “Aisialdirako ez ezik, kirol instalazioetara joateko ere erabil dezakete zerbitzua getxoztarrek”, zehaztu du alkateak. "Etorkizunari begira, Udalak bizikletaren erabilera sustatzen jarraituko du; baita udalerria zeharkatzen duen bidegorrien sarea ere", gaineratu duenez. Bizikletak gehienez bi orduz erabil daitezke, Getxo udalerritik atera gabe. Bizikleta edozein mailegu-gunetan hartu eta utzi daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun