Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak euskarazko udalekuak antolatu ditu, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Aurten Plentziako eskolan egingo dituzte, 10:00etatik 18:00etara, uztailaren 7tik 24era bitartean. Leku kopurua mugatua da (50 neska-mutil) eta izena emateko epea maiatzaren 16tik 27ra (biak barne). "Diren lekuak baino ume gehiagok izena ematen badute, jendaurreko zozketa egingo da, eta horretarako eguna eta lekua Mankomunitatearen web orrian (www.uribekosta.org) jakinaraziko dira", tokiko iturriek adiereazi dutenez. Udalekuen prezioa 120 euroko da, 85 eurokoa familia ugarituen kasuan eta 20 eurokoa Oinarrizko Errenta jasotzen dutenentzat. Informazioa eskatu eta matrikula egiteko Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Euskara Zerbitzua jo beharko dute interesatuek, 946 762 674 telefono zenbakira deituz. Bestalde, dagoeneko abian da Lemoiz, Urduliz, Plentzia, Gorliz eta Sopelan, Euskaraz Olgetan ekimena, umeak eskolatik kanpo ere euskaraz jolas dezatela sustatzeko. Argazkian, haurrentzako puzgarriak Urdulizen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!