Erandion egingo da aurten Euskal Herriko graffitilarien egun nagusia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 14a, 00:29

Spraikada, Euskal Herriko Graffiti Lehiaketaren izen eta irudi berria, aurkeztu dute gaur Bilboko Kalderapeko gunean Topagunea, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Erandioko Udaleko gazte arloetako ordezkariek. Izan ere, Txorierriko udalerri horretan burutuko da bosgarren edizoaren lehiaketa, uztailaren 19an. Gaurko prentsaurrekoarekin batera izena emateko epea ireki dute, ekainaren 27a epemuga izango dela. Interesatuek, 16 urtetik gorakoak eta euskaldunak badira, beren lanen zirriborroak A3 formatuan eta 7 x 2 proportzioetan aurkeztu ahal izango dituzte graffitiak[abildua]topagunea.org posta elektronikora edo Topagunearen bulegora bidaliz. Antolatzaileek hamar grafitti aukeratuko dituzte uztailaren 19an Erandion lehiatu daitezen, 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariengatik. Argazkian, Garikoitz Arregi graffitigilea, ezkerrean, izan da logo berriaren sortzailea / Joxe Rojas.

Aitziber Oliban Euskara eta Gazteria zinegotziak nabarmendu duenez, Erandioko Udalak iaz onartu zuen bere Gazte Plana eta handik aurrera hainbat jarduera, "batez ere tailerrak eta kontzertuak...", antolatu ditu, baina "beste zer edo zer behar zen". Hor kokatu du Spraikada, Parisera egin berri duten bidaia eta ikasturte berriarekin batera Erandioko Gazte Bulegoak egingo dituen ekimenak: "ekintza pilo prestatuko du gazteentzako baina gazteen parte hartzearekin".

Spraikadari dagokionez, industrialdeetan eta metro geltokien inguruetan Erandiok badu "graffiti tradizio handia" eta udalerrian zehar "graffiti nahikotxu ikusteko posibilitatea" badago. Baina, Olibanek onartu duenez, orain arte Udalak "pasiboki jazo izan ditu graffiti horiek". Une honetan, berriz, "Udalak aktiboan ere parte hartu gura du, alde batetik balioan jartzen, horiek benetako artea direla, eta espero dugu datorren uztailaren 19an eta datozen 20an eta 21ean jada Erandioko gizarteak konturatzea, aintzat izatea, graffitiak artea direla eta ulertzea hori gazteen espresio modu bat" bezala. Bestalde, Gazteriakoaz gain Euskara zinegotzia ere badela gogoratu du Olibanek eta pozik agertu da ekintza hau, gainera, euskaraz izateagatik.

Gazteentzat sortua izatetik gazteek hartua izatera

Sonia Perez Anguera Topagunea euskara elkarteen federazioaren Haur eta Gazte Saileko teknikariak, berriz, azpimarratu du aurten Euskal Herriko Graffiti Lehiaketaren bosgarren edizioa izango dela: "nork esango zigun guri orain dela bost urte, 2004an, hasi ginenean graffitiarekin gora eta behera, antolatu nahi genuen lehiaketa xume hura gaur egun dena izatera helduko zenik? Azalpenak ez dira oso errezak izaten". Eta eskertu du bost urte hauetan bidelagun eta laguntzaile izan dituzten erakundeak eta gazteak. Izan ere, lehenengo urtetik "gazteek beraiek proiektu honetan sinestea" izan da arrakastaren gakoa Perezen irudiz. Gainera, 2004ko edizioan gazteek lehiatzeaz gain "talde bat sortu zuten proiektua aurrera jarraitu zedin eta geuri momentu oro behar genuen babes teknikoa, graffitiren gainekoa, emateko eta gu gidatzeko. Gaur egun posiblea da bosgarren edizioaren aurkezpena egin ahal izatea hain zuzen ere graffitizale eta graffitigileen talde hori gero eta handiagoa delako eta haiek jarraitzen dutelako gure lana gidatzen".

Bada, besteak beste bi berrikuntza nagusi sortu dituzte aurten graffiteroek. Alde batetik goian aipatutako Spraikada izen berria, ohiko Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa baino laburragoa eta erabilterrazagoa eta lehiaketaren logotipo berria. Lehenengoa Mikel Aldekogarairen asmakizuna da. Bigarrena, berriz, iaz lehiaketa irabazi zuen Garikoitz Arregi berriztarrak sortu du.

Horrekin batera, webgune tematikoa sortuko du Spraikadak, bertan graffiti inguruko albisteak, irudi galeriak eta mundu honi buruzko hausnarketen berri emango du. Bestalde, formatu analogikoagoan Durangoko Disko eta Liburu Azokarako euskarazko graffitiari buruzko lehenengo liburua aurkezteko asmoa dute. Bi gune horien bidez, gainera, aurtengo Spraikadaren uzta uztailaren 19tik aurrera jarraitzea nahi dute.

Spraikadan parte hartzeko baldintzak

• 16 urtetik gorako gazte euskaldunek parte har dezakete, bakarka nahiz taldeka.
• Teknika eta gaia libreak izango dira.
• Graffitia testuarekin aurkezten bada, testua euskaraz idatziko da.
• Graffitiaren zirriborroa DIN A3 formatuan aurkeztuko da, posta arruntez edo e-posta bidez.
• Aurkeztutako zirriborro guztien artean, hamar aukeratuko dira uztailaren 19an Erandion buruz burukoan lehiatzeko.
• Graffitiak 7 x 2 metroko hormetan egingo dira antolakuntzak emandako sprayak erabiliz. Gainontzeko materiala lehiakideek eramango dute.
• Lehiaketa egunean aldez aurretik aurkeztutako zirriborroa hormaratu beharko da.
• Sari banaketa lehiaketa egunean egingo da.

Izen ematea

Parte hartzaileak, zirriborroarekin batera, ondokoak bidaliko ditu:

• Lanaren izena eta egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa. Nortasun Agiriaren fotokopia.

Posta elektronikoz edo posta zertifikatuz, ekainaren 27a baino lehen bidaliko dira.

Sariak

Hiru sari banatuko dira:

1. 1.500 €
2. 1.200 €
3. 900 €

Antolatzaileek horrela erabakiz gero, sariak hutsik gera daitezke. Antolatzaileen eskumena da lehiaketan bidezko deritzoten aldaketak egitea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak aurreko puntuetan azaldutako onartzea dakar


Oharra:

Informazio gehiago lortzeko, zalantzak argitzeko eta zirriborroak bidaltzeko ondoko zenbaki eta helbideetara jo:

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
Gazte Saila (Amaia)
Arlozabal 8 bis, 1.C
48220 Abadiño (Bizkaia)

946 215 116 edo graffitiak[abildua]topagunea.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun