Bihar 33/01 auziari buruz jardungo dute Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 14a, 12:37

Etxerat, Askatasuna, Senideak, Amnistiaren Aldeko Batzordeak edo Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia erakundeetan lan egiteagatik 27 euskal herritarrei egiten ari zaizkion epaiketa dela eta, hitzaldia izango da ostegun honetan, maiatzak 15, Algortako Aldai kulturgunean (Itsasgane). 19:30ean abiatuko den saioan, 33/01ean auziperatutako Mitxel Sarasketa getxoztarrak eta Juan Antonio Madariaga bermeotarrak hartuko dute hitza. Jagoba Terrones berangoztarra ere epaitzen ari dira. Bitartean, epaiketak aurrera darrai Madrilen. Hori salatzeko, larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute hainbat eragile eta norbanakok. 17:30ean abiatuko da Aita Donostia plazatik. "Euskal Herriak askatasuna behar du!" izenburuko agiriak, berriz, ia 2.100 pertsonaren sinadurak bildu ditu www.mundurat.net/ezdadelitu helbidean. Argazkian, apirilaren 24an, hainbat lagun elkartu ziren Getxoko udaletxe aurrean, osoko bilkura hasi baino ordu erdi lehenago. Berton, "Isaias Carrascok ez bezala" 33/01eko auzipetuek "helegitea aurkezteko aukera" badutela erantzun zion Mari Espe Fuertes Getxoko ezker abertzaleko bozeramaileari Imanol Landa alkateak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun