Polizia iturriek emandako datuen arabera, goizaldeko hiruak aldera lehertarazi du bonba-autoa ETAk, Legutioko (Araba) Guardia Zibilaren kuartelaren atarian, aurretik abisurik eman gabe. Ondorioz, Juan Manuel Piñuel Villalon 49 urteko guardia zibila hil da, eta kuartelean bizi ziren beste lau lagun -bi gizonezko eta bi emakumezko- zauritu dira. Atentatua egin dutenean, 40 bat lagun zeuden kuartelean. Zauritutako gizonezkoetako bat larri dago, zenbait orduz hondakinen artean harrapatuta egon ondoren. 34 eta 41 urte artean dituzte zaurituek; Gasteizko Txagorritxuko ospitalera eraman dituzte bi eta Santiago erietxera beste biak. Santiagon ingresatu dituztenak arriskutik kanpo daudela agertu dute ospitaleko iturriek. Argazkian, Eudelek egindako deialdiarekin bat eginez, elkarretaratzea egin zen Erandioko udaletxe aurrean Isaias Carrasco Arrasateko PSE-EEren zinegotzi ohiaren hilketa arbuiatzeko.