Kantautoreak aurreko diskoetako beste konposizio batzuk grabatu ditu berriro. Grabaketa berriek balore erantsia eman diote lanari, horien bidez artistaren ahotsa azken 20 urteotan nolako bilakaera izan duen bereizi daiteke eta. Algortako saioan honako musikari hauekin jardungo da Mikel Markez (ahotsa eta gitarra): Pello Ramirez (biolontxeloa eta akordeoia) eta Joseba Loinaz (teklatuak eta ahotsa).
15 urte zituela
Mikel Markezek (Orereta, 1971) 15 urte zituela hasi zuen musika jarduera. Urtebete geroago bere lehenengo kantak idazten hasi zen. 1988ko udan hasi zen kontzertuak ematen eta, handik hiru urtera lehenengo diskoa kaleratu zuen: “...eta etorri egin zait...”. Horien ondoren "Oroitzapenak oparitzen ditut" (1993), "Zertarako mugak jarri" (1995), "Kantu erotikoak" (1997), "Dena hankaz gora" (1999), "Tribuaren hitz galduak" (1999) eta "Erabil nazazu" (2004) argitaratu zituen.
1.500 kontzertuk eta saiok baino gehiagok bermatzen dute Mikel Markezen ibilbidea. 20 urteko jardueran Silvio Rodriguezen, Mikel Laboaren, Benito Lertxundiren eta Paco Ibañezen mailako artistekin aritu da, besteak beste. Halaber, Kepa Junkerarekin, Niko Etxartekin, Alaitz eta Maiderrekin eta beste hainbat talde eta artistekin jardun da, bai zuzenean, bai diskoetan. Azkenik, kanta-idazle jardun da zenbait musikari eta talderentzat.
Euskal Herritik at, Mikel Markez Habanan (Kuba) eta Boisen (AEB) jardun zen 1994an. Urte horretan ere Parisen abestu zuen Paco IbAñezekin eta 1996an Kanariar Uharteetako kantatautore zirkuitu batean parte hartu zuen Pablo Guerrerorekin, Quintin Cabrerarekin eta Elisa Sernarekin, besteak beste. 1999an “Tribuaren hitz galduak” diskoa aurkeztu zuen Venezuelan eta bi urte geroago, bira bat egin zuen Argentinan Mikel Urdangarinekin.