Larunbat honetan, maiatzak 17, Erandioko Superkuartelaren Aurkako IX. Bizikletadan parte hartzera deitu du Amarratsak kolektiboak. 11:00ak aldera, eskulekuak heldu eta pedalak astintzen hasiko dira Erandioko metro geltokiaren aurrean batutako lagunak. Hortik, bertako ertzain-etxearen aurrean igaro ondoren, Getxorantz abiatuko dira. Izan ere, Astrabudua, Leioa, Lamiako, Itzubaltzeta / Romo, Neguri, Berango eta Algorta zeharkatu ondoren, Txorimalo gaztetxean izango dute prest txistorra eta sagardoa. Arratsaldean, berriz, kontzertua egingo dute, 20:00etan, Itzubaltzeta gaztetxean Bizi Hil eta Tunel 483 taldeen eskutik. Egunotan, Amarratsak Astea ospatzen dabiltza: hain zuzen ere, gaur edukiko dute azkenengo hitzaldia, 19:30ean, Txorimalon bertan. Cesar Manzanosek emango du, "Alternativas al modelo policial" izenburupean. Argazkian, superkuartelaren aurkako martxaren artxiboko irudia.