Anjel kalera! herri ekimenak deituta, 20 lagun inguruk egin dute elkarretaratzea, gaur eguerdian, Algortako Bidezabal kaleko anbulatorioaren aurrean. Protesta horren bidez, Anjel Figueroa preso gaixo algortarra askatzeko aldarria bere egin dezatela eta, bide horretan, eskura dituzten baliabide guztiak erabil ditzatela eskatu diete Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta horren buru den Gabriel Inclani. "Jakin badakigu, Anjel askatzeko azken erabakia Langraiz espetxeko tratamendu batzordearena dela, horren kide den kartzelako medikua tartean dela. Baina, ez dugu ahaztu behar, Lakua dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan osasun eskuduntza duena eta erantzunkizunik baduela preso gaixo algortarraren osasun egoeran", azaldu dutenez. Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) ospitalean egin ziote ebakuntza 2007an Figueroari eta bertan ere pasatu behar izaten du kontsulta. Epilepsia krisialdiak dituenean, berriz, Txagorritxun (Gasteiz, Araba) artatzen dute. "Zehazki Langraizen beharrean etxean behar duela dioen txosten medikua behar du Anjelek", aldarrikatu dute.
Argazki gehiago daude ikusgai hemen.