Imanol Landa alkateak 3:30ean egindako prentsaurrekoan azaldu du familia bat baino ez dela bere etxetik alde egin behar izan eta senide batzuengana hurbildu direla. Dena den Udalaren azpiegitura guztiak jarri ditu herritarren beharretarako. Era berean, “erabateko gaitzespen erradikalena” agertu nahi izan dio ETAri eta “gizarte getxoztarrak behin eta berriro goigatasuna adierazi diola” gogoratu du. Goizean Landak Udal Bozeramaileen Batzarra deitu du eta horren ondoren agerrraldia egingo du.
Itsas pasealekuan Polizia Zientifikoak gau osoan zehar egindako ikerketez gain, Ertzaintzako hainbat polizia izan da Gobela kalea, Areetako batzokiaren inguruak eta alde horretako karrikak miatzen, bi etakideek alde egiteko erabilitako bidea zein izan den aztertuz. Izan ere, Klubeko langile batek bi gazte ikusi ditu 23:30ak aldera furgoneta kluba eta kaia artean aparkatzen.
Areeta eta Getxo udalerriko zazpigarren atentatua, mende honetan
Su-etena amaitutzat eman zuenetik bigarren aldia da, egiletza baieztatuko delakoan, ETAk Getxo udalerrian eta Uribe Kostan atentatu bat egiten duena. Aurretik, 2007ko azaroaren 11n bi bonba jarri zuen Getxoko Justizia Jauregiko atarian eta aurreko zakarrontzian. Ertzaintzak Arkaitz Goikoetxea eta Jurdan Martitegiri leporatu zien ekintza hura. Bestalde, bigarren aldia da ere Abrako Erret Itsas Kluba erasotzen dutena. Orain dela 35 urte, 1973ko azaroaren 26an, ETAko kide batzuk sartu ziren eraikinean eta su eman zioten. Handik gutxira Kluba berreraiki zuten azpiegituran izandako kalte larriak zirela eta. Bestalde, mende honetan ETAk Getxo udalerrian egin edo saiatu den zazpigarren atentatua izan da gaurkoa. Aurrekoak 2001eko urtarrilaren 22an, poliziek bonba desaktibatu zutena; 2002ko apirilaren 22an eta 2005eko urtarrilaren 18an Areetan izan ziren.
Bestalde, Algortan, 2003ko ekainaren 23an itsas pasealekuan dagoen Tamarises hotelean jarri zuten bonba. Neguriri dagokionez, goian aipatu bezala, 2007ko azaroaren 11n jarri zituzten bi lehergailu epaitegian. Azkenik, mende honetan ere eta 2001eko azaroan, Jose Maria Lidon epailea hil zuten, tiroz, Algortako bere etxetik irtetzen ari zela. Auzi horregatik, Orkatz Gallastegi dago zigortuta eta Urtzi Murueta ere pasa den otsailean epaitu zuten, batentzat zein bestearentzat froga bakarra Gallastegik Ertzain-Etxean egindako autoinkulpazioa dela, defentsak behin eta berriro agertu denez, torturapean.