Getxoko Udalak Areetako atentatua gaitzetsi du Estatuko Segurtasun Indarrak babestu gabe

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 19a, 15:51

Areetako atentatuari "gaitzespen osoa" eta "erabateko arbuioa" agertu dizkio Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, ekintzak sortu dizkion "nazka eta gogaitasunaren" eraginez. EAJ, PP, PSE-EE eta EBko eledunak goizeko 9:30ean batu dira udaletxean eta "ETAri behin betiko eta berehala desagertzeko" eskaera egiten duen testu komuna adostu ondoren bisita egin dute Abrako Erret Itsas Klubean. Gaur bezalako aurreko testuekin alderatuta aipatzekoa da gaurko idazkian ez dela Espainiako Segurtasun Indarrei zein Ertzaintzari babesa eskaintzen, gutxienez agerian. Izan ere, Gasteizko Legebiltzarrean EAJ, EA, EB, EHAK eta Aralarrek Espainiako Gobernuak torturen aurka neurri eraginkorrik hartzen ez duela berriki salatu dute eta udalerrian ere, behin baino gehiagotan Eusko Abertzale Ekintzako kideek EAJri leporatu diote bere "menpeko" Poliziak, Ertzaintza, torturaren bidez eskuratu dituela Lidon kasuan edota Galdakaoko kale erasoen auzian dauden froga bakarrak, gazteen autoinkulpazioak, alegia. Argazkian, Imanol Landa alkatea, eskuman, Javier Balzari adi. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Abrako Erret Itsas Klubeko kideen eskutik eraikinaren egoeraren berri izateko Marisa Arrue, Eduardo Andrade eta Jesus Toca Toña izan dira popularren ordezkariak eta Luis Almansa PSE-EErena. EAJren aldetik, berriz, bart ere atentatuaren inguruetan azken albisteak jarraitu eta auzokideekin egon diren Joseba Arregi, Josu Loroño eta Imanol Landa alkatea berari Koldo Iturbe alkateordea batu zaie. Ezker Batuko zinegotzi bakarra den Iñaki Urkiza ere han izan da, bart bezala. Abrako Erret Itsas Klubean bertan ezagutarazi dute testua, klubekoei eta auzokideei "elkartasuna eta laguntza" eskainiz. Haien ondoan, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia, Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentea eta Javier Balza Herrizaingo sailburua agertu dira, prentsa aurrean, bere etxeak batzen ari ziren auzokideen ondoan eta espektakuluaz eta morboaz gozatzera joan diren herritarren parean.

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak onarturiko gaitzespena:

Real Club Maritimo del Abra eraikinaren kontra ETAk egindako atentatuaren aurrean, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak honako hau adierazi nahi du:

1.- Gaitzespen osoa atentatuari eta erabateko arbuioa euskal gizartearen eta bereziki getxoztarraren gehienen borondatea mespretxatuz terrorismoa eta indarkeria praktikatzen dutenei.

2.- Bere nazka eta gogaitasuna beste behin ere gure udalerria aipatutako terrorismo ekintzetako baten eskenatokia izan delako.

3.- Real Club Maritimo del Abra izenekoarekiko elkartasuna eta laguntza eta baita atentatuak eragina izan duen auzokide guztiekiko ere.

4.- ETAri behin betiko eta berehala desagertzeko eskakizuna, era horretan euskal gizartearen gehienen borondatea errespetatuz.

5.- Eta azkenik, Bozeramaileen Batzordeak dei egin nahi du zuzenbide estatuak dituen baliabideetatik eta batasun demokratikotik denok terrorismoari zilegitasun politiko eta soziala kentzeko eta bere behin betiko desegigoa lortzeko lan egin dezagun.

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun