Itsas klubeko langileren batek etakideak ikusi dituen galderari ez dio erantzun Balzak, "pertsonen segurtasunagatik". Bestalde, azken boladan ETAk 160 bat kilo lehergailu erabili dituela onartu eta garratzia kendu dio datu horri, gogoratuz Euskadi Ta Askatasunak kloratita eta bestelako konposatu kimikoak historikoki ekoiztu dituela.
ETAren sarea Bizkaian dago, Ertzaintzaren arabera
Bestalde, Polizia guztiek Segirekin lotu dituzten hainbeste gazteen sarekadaren ostean, Ertzaintzak orain etakideak atxilotzeko denbora luzea ematen duela azaltzeko teoria xelebrea kontatu du sailburuak. Bere ustez, ETAren aurkako borrokan bi fase daude. Alde batetik, informazioa dagoenean eta Frantzian sarea osatzen ari direnean edo lurraldetik mugitzen ari direnean "ekintza eraginkorrak" egin daitezkeela eta atxiloketak "azkarrak" direla azaldu du. Baina, beste aldetik, behin "legalen sareak estaltzen dituela" eta ETAko militanteak "egonkortu" direla, "Poliziari kostatu egiten zaio arrastoa jarraitzea eta atxiloketak burutzea" eta egun, Balzaren aburuz, ETAk "ez du liberatu kopuru handirik baina bai legalen sare eraginkorra. Hori desmuntatzeak lana ematen du". Hortaz, gainera, atentatua Bizkaia Komandoari leporatzeari uko egin dio, "liberatua aldakorra delako" eta "mantentzen dena azpiegitura delako". Sare hori Bizkaian legoke, buruzagi jelkidearen arabera, "Gipuzkoako mugan".
Isiltzen direnei "nazka" adierazteko deia
Azkenik, Balzak gizarteari bere "nazka" adierazteko eta aldarrikatzeko eskatu dio, "atentatu terrorista hau egin dutenek eta, jakina, bere isiltasunaren bidez gizarte honek bizi duen errealitateari aurre ez egiteko babesa eman edo bere alde egiten dutenek ere gizartearen nazka ezagutu dezaten". Horrekin batera, Ertzaintzaren izenean "herri hau behin eta berriro sufriarazten duten terroristak atxilotzeko konpromiso osoa" hartu du Balzak. Ildo horretan, bera eta Ertzaintzako buruak Espainiako Barne Ministerioarekin azken asteotan usu bildu direla azaldu du eta Ertzaintzak "erronkatzat" hartu dituela atxiloketak eta "terroristak epailearengandik pasatuko direla" iragarri du.