Bestalde, Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arduradunak ez bezala, nahiz eta gaur beste atentatu bat egin duen erakunde armatuak, ETA indartsu dagoenik ez du uste Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak. "ETA ahul dago, eta bere batasuna indartzeko eta bere jendearen morala handitzeko egiten ditu atentatuak", esan du gaur, Zaragozan (Aragoi). Orain aste batzuk bezala, ETA "indarkeria aro luze baterako" prestatu dela aitortu du. Zaragozako Expo nazioarteko erakusketako segurtasun plana aztertzera joan da ministroa hara.
Alderdi politiko ugarik eta Confebaskek ere atentatua gaitzetsi egin dute:
EAJ
Josu Ekoreka EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak agertu du Areetako atentatuarekin ETAk "baldintzatu" egin nahi izan duela bihar Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak egin beharreko bilera. Euzko Alderdi Jeltzalearen izenean "gaitzespena" agertu du atentatuagatik. "Zorionez, kalte materialak baino ez ditu egin", agertu du. Haren esanetan, "ahal dudan guztia egingo dut ETAk" euskal herritarren etorkizuna "bitarteko gisa erabiltzeari utz diezaion".
PSE-EE
Jose Antonio Pastor PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, "terroristek mezu gaiztoa bidali nahi izan dute biktimen omenaldiaren ondorengo egunean eta lehendakaria eta Zapatero batzartu aurreko egunean". "Oker dabiltza sozialisten jarrera baldintzatu nahi badute", agertu du ETAko militanteei zuzenduta, izan ere, haren arabera, "konponbide bakarra alderdien batasuna dela errepikatuko dugu behin eta berriz".
PP
Bestalde, Mariano Rajoy PPko presidenteak Espainiako Gobernuari "terrorismoaren aurkako borrokan" babesa emango diola esan du "lehentasun absolutua ETA menderatzea bada". Rajoyren esanetan, Areetako atentatuak, duela egun batzuk Juan Manuel Piñuel guardia zibila hil zuenarekin batera, "senean dagoen edozein pertsonak" ETAren aurkako borrokak "lehentasun absolutua" izan behar duela esatea eragiten du.
EA
EAk ETAri eskatu dio "euskal herritarren ahotsa entzun dezan" eta atentatuak bertan behera utz ditzan. Goizaldeko atentatua "gaitzesgarritzat" jo du. Ohar baten bidez, Eusko Alkartasunak gaitzespen "borobila" egin du atentatuaren aurrean eta "elkartasuna" agertu die "zentzugabekeria honen ondorioak" pairatu dituztenei.
EB
Mikel Arana Ezker Batuko zuzendaritzako bozeramaileak ETA "erakunde mafioso baten" gisa dabilela salatu du, "Estatuarekin beste negoziazio bat behartu ahal izango duenaren uste okerrarekin". Horren harira, agertu duenez, "ekintza terroristen areagotzearen" aurrean "erantzunik onena" "elkarrizketa demokratikoaren" defentsa eta akordioak bilatzea da. Zapaterok eta Ibarretxek bihar "aukera paregabea" dute normalizazioaren eta elkarbizitzaren alde "elkarrekin lan egiteko", esan du.
Aralar
Aralarrek, agiri baten bidez, elkartasuna adierazi die leherketak kaltetutako guztiei eta "Getxokoa bezalako atentatuak garaiz eta lekuz kanpo" daudela nabarmendu du. "Gatazkaren konponbideari ez dio laguntzen eta Euskal Herriko gizarteak eskatzen duen bakea lortzeko bidean beste oztopo bat da".
Confebask
Confebask Euskal Enpresarien Konfederakuntzak atentatua gaitzetsi du eta erakunde armatuari "desagertzeko" eskatu dio. Gizarteak "basakeriaren eta fanatismoaren aurrean bakearen eta askatasunaren aldeko apustu argia" egin duela esan du. Ohar baten bidez, Confebaskek elkartasuna agertu die leherketak kaltetutako herritarrei. Horrez gain, pozik azaldu da inor zauritu ez delako.