Leioako bost ikastetxetako ikasleak alkate eta zinegotziekin batuko dira bihar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 19a, 21:46

San Bartolome, Txomin Aresti-Mendibile, Lamiako, Artatza eta Altzaga ikastetxeetako ikasleek, Leioako Udalak klima aldaketaren aurrean izandako jarrera eta egindako ekintzak aztertuko dituzte bihar, Gizarte-Hezkuntzako Foroan. Batzar hori goizeko 10etan hasiko da udaletxeko Osoko Bilkura gelan eta bertan, ikasleez gain udal ordezkariak ere izango dira, tartean Eneko Arruebarrena alkatea (argazkian), Txus Bilbao, Ingurumen Saileko arduraduna eta Daniel Herrera Hezkuntza Saileko zinegotzia. Aipatu bilkuran ikasleek Agenda 21en barruan egindako ingurugiro azterketa aurkeztuko dute eta euren proposamen zein eskariak helaraziko dizkiete tokiko mandatariei. Alde biek euren iritziak plazaratu ostean klima aldaketaren kontrako irtenbideak eta ekintza berriak aurrera ateratzeko eztabaidari ekingo diote.

Leioako ingurumen egoeraren diagnostikoa osatzeko, ikasleek hainbat udal eraikin bisitatu dituzte. Besteak beste, udaletxean, kiroldegietan, Kultur Leioan, Mendibile jauregian edota nagusien Etxeetan izan dira, eta hortik jasotako informazioarekin txosten bat osatu dute. Hainbat faktore kontuan hartuta, energia eta ur kontsumoa, mugikortasun jasangarria eta hondakin kudeaketa izan dira gai nagusiak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun