Getxo udalerriko Eusko Alkartasunak (EA) bart ETAk Abrako Erret Itsas Klubaren aurka egindako
atentatua "gogorki" gaitzetsi du eta kaltetutako auzotarrei elkartasuna adierazi die. Helarazitako prentsa oharrean adierazi duenez, "euskal jendarteari amonal eta sufrimendu gehiago emateko baino ez da gai ETA". "Agian, Ibarretxe lehendakaria Espainiako Gobernuko presidentearekin batzartzea bezalako ekimenak kontuan hartu beharko lituzke bihotzgabe koadrila honek", gaineratu du EAk. Biharko bilerak "soilki prozedura demokratiko eta baketsuak erabiliz, bizi dugun enkistamendu politikoa desblokeatzea" du helburu, euskal sozialdemokraten ustez. Euren iritziz, hori da "errezeta bakarra". Horri helduz, "bestelako aldarrikapenetarako erakusten duen ausardia eduki eta, behin betikoz, getxoztarrak kaltetzen dituen atentatua gaitzestea" eskatu dio ezker abertzaleari Eusko Alkartasunak. Argazkian, Joserra Bilbao azken udal hauteskundeetan Getxoko EAren hautagaia (eskuinean), Lander Solozabal Bizarra Lepoaneko presidentearekin izandako batzar batean.