Ehun lagun baino gehiago igaro dira, ETAk aurreko goizaldean Areetako Abrako Erret Itsas Klubaren kontra burututako atentatuak eragindako kaltetuentzat egokitutako bulegoetatik, Getxoko Udalak emandako datuen arabera. "Atzo 85 pertsona hurbildu ziren udaletxera eta Itzubaltzeta / Romoko herritarrak artatzeko bulegora. Bi horiekin batera, gaur, udaltzainen argiketen furgoneta jarri dugu, Klub kalea eta Zugatzarte Etorbidearen artean, goizez zein arratsaldez", adierazi du tokian bertan Josu Loroño Komunikazio zinegotziak. Pertsona horiei jasandako kalteen tramiteak bideratzeko eman beharreko urratsen berri ematen diete. Atentatu gauean, inguruko auzokideei hotel batean gaua emateko aukera ere eskaini zieten, udal agintariak aipatu duenez; "baina inork ez zuen onartu, batzuek beraien senideen etxeetara joatea nahiago zutelako". Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!