Ostegun hau, maiatzak 22, hauteskunde eguna da EHUn. Unibertsitateko kideek errektorea aukeratzeko botoa emango dute, baita Klaustroko ordezkariak aukeratzeko ere. Horrez gain, administrazio eta zerbitzuetako langileek campusetako batzarretarako ordezkariak aukeratuko dituzte. Errektorea sufragio unibertsal haztatuaren bidez hautatzen da eta, beraz, unibertsitateko kide guztiak daude botoa emateko deituta. Guztira 54.701 lagun dira era honetara banatuta: 4.909 irakasle (1.813 irakasle doktore iraunkorrak eta 3.031 gainerako irakasleak), 48.076 ikasle eta 1.716 administrazio eta zerbitzuetako langile. Esan bezala, botoa haztatua da: unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreei %51 dagokie; gainerako irakasle eta ikertzaileei %18; ikasleei %20; eta administrazio eta zerbitzuetako langileei %11.
Hautagai bakarra
Errektorerako hautagai bakarra dago, Juan Ignacio Perez Iglesias egungo errektorea, eta, beraz, hiru boto mota izango dira abstentziorako hautua egiten ez dutenentzat: alde, kontra eta boto zuria. Hautagaia errektore aldarrikatuko da baldin eta emandako boto baliodunetatik aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Aurreikuspenen arabera, Hauteskunde Batzordearen buruak 20:00ak aldera emango ditu errektorea aukeratzeko hauteskundeetako behin-behineko emaitzak Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan (Leioa eta Erandioko campusa) egingo duen agerraldian.