Argazki analogikoak egiteko, 35 mm-ko kolorezko argazki-filma emango da, 24 argazki egiteko balio duena, eta antolatzaileak argazkiak errebelatzeaz arduratuko dira. Argazki digitalak egiteko, parte-hartzaile bakoitzak bere memoria-txartela, konexio-kablea edota argazkiak ordenagailura iraultzeko behar den edozein gailu eraman beharko ditu. Rallya hasten den unean, memoria-txartela hutsik egongo da; era berean, kamerako data eta ordua eguneratuak egon beharko dira. Hala ere, argazki-kamerarik ez izan arren rallyan parte hartu nahi duten pertsona guztiei erabili eta botatzeko argazki-kamera emango zaie, nabarmendu dute tokiko iturriek. Dena den, egoera horretan daudenei aurre-inskripzioa egitea gomendatu diete, argazkileioa[abildua]yahoo.es helbide elektronikora mezu bat bidaliz, argazki-kameren kopuru zehatza egongo baita.
Oinarriak
Rallyaren hasieran parte-hartzaile guztiek kontrol-argazkia egin beharko dute, haien partaidetzak balioa izan dezan. Izena emateko unean, kontrol-argazki hori zein izango den jakinaraziko da.
Argazki analogikoak egiteko, 24 argazkiko argazki-filmak erabiliko dira; beraz, kontrol-argazkia egin ondoren, 23 baino ez dira geratuko. Argazki digitalei dagokienez, parte-hartzaileek 11 argazki aurkeztu beharko dituzte: kontrol-argazkia eta beste 10 irudi gehiago. Argazki gehiago aurkeztu arren, lehenengo 11k bakarrik hartuko dira kontuan lehiaketarako. Material digitala ematean ezin izango da hautaketarik egin.
Argazki guztiak kameraren bereizpen handienaz egin behar dira, kalitate handienaz (gutxieneko konpresioa) eta jpeg formatuan.
Antolatzaileei lehiaketan egindako argazki guztiak biltzen dituen txartela eman ondoren, antolatzaileek edukia irauli, eta jabeari kamera itzuliko diote, argazki eta guzti.
Argazkiak rallyaren egunean eta orduetan egin behar dira; izan ere, antolatzaileek egiaztatuko dute argazkiak noiz egin diren, arakatze-programa baten bidez. Horrela, ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten parte-hartzaileak baztertuko dituzte.
Argazki-filmak eta txartelak 13:30etik 15:00etara edota 21:30etik 23:00etara bitartean emango dira, izena eman den leku berean.
Sariak
Sariei dagokienez, helduen kategorian, irabazleak 300 euro jasoko ditu; bigarrenak, 225 euro; eta hirugarrenak, 150 euro. Umeen kategorian, aldiz, argazki onenak egin dituzten umeen artean Kultur Leioan urrian eta azaroan egingo diren ikuskizunetarako hamar sarrera eta beste opari batzuk banatuko dira.
Argazkiek behar bezalako kalitatea izan ezean, epaimahaiak sarietako baten bat esleitu gabe uzteko ahalmena dauka, eta irudiak aldatzen badira edo arauak betetzen ez badira, parte-hartzailea lehiaketatik kanporatuko da.
Sari-banaketa ekainaren 20an egingo da, Kultur Leioako ambiguan edo prentsa-aretoan. Ekitaldi horretan, argazki analogikoak egin dituzten parte-hartzaileei haien argazkiak emango zaizkie.