Zabalik daude Getxoko Kirol Portuko arraunketa eta bela pabilioiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 22a, 13:52

Itsasoari lotutako hamazazpi lagun edo erakunde getxoztarri gorazarre egin zieten, atzo arratsaldean, Getxoko Kirol Portuko arraunketa eta bela bi pabilioi berrien inaugurazioan. Arraunketa munduan izandako lorpenengatik ondokoak omendu zituzten: Jesus Incera, Sabino Saribiarte, Emilio Laka, Imanol Batis, Sabino Palacios, Pedro Ibargurengoitia. Peio Uriarte, Jose Antonio Zubizarreta, Iñaki Magunazelaia, Unai Perez, Eneko Vanhorenbeke, Meliquiades Verduras, Ander Agirre. Eta arraunketaren munduan eginiko lanagatik Marcos Bretos omendu zuten. Era berean, kirol horri eskainitako dedikazioa eskertu zitzaien Bariko San Nikolas eta Raspas arraun elkarteei. Azkenik, Juan Olabarri eta Jose Luis Ugarte belan lortutakoagatik omendu zituzten. Baita atentatua jaso berri duen Areetako Abrako Erret Itsas Kluba ere. Argazkian, Imanol Landa alkatea arraunean, atzo goizean emandako prentsaurrekoan.

Arraunketa eta bela bi udal pabilioi berrien azken helburua getxoztarrei kirola egiteko aukera eta erraztasuna ematea da, "Udalak azken hamarkadan kirol azpiegituran eginiko inbertsio garrantzitsuekin bat etorriz", tokiko iturrien arabera. Bi zerbitzu berri horien kostua 1.468.941 eurokoa izan da. Horiekin, “urrats kualitatiboa eta kuantitatiboa egin da, itsasoko kirolak egiteko instalazioak bultzatzeko eta garatzeko proiektu orokorraren zirkulua itxi baita. Getxon erakunde publiko ezberdinen arteko lankidetzari esker egiten ari dena, gainera”, azaldu zuen Imanol Landa alkateak, atzo goizean, instalazio berriak komunikabideei aurkeztean.

Bi azpiegitura berriek berebiziko garrantzia izango dute. “Arraunketan, instalazio eredugarri hauek Getxo Arraun Taldearen egitasmoa behin betiko martxan jartzea ekarri eta arraunketa gizarteratuko dutelako. Belari dagokionez, kirol hau behin betiko bultzatzen lagunduko dutelako eta eskola bat sortuko delako urte honen amaieran, getxotar guztien esku egongo dena”, esan zuen Landak. Bela pabilioian, gainera, kirol ekitaldiak egingo dira. Landak aurreratu zuenez, bela pabilioi berria XIV Joko Atlantikoen egoitza izango da, Sopela eta Getxo udalerrietan uztailean egingo direnak.

Ezaugarriak

Bela pabilioiak, 1.000 metro koadro inguruko azalera duenak, ontzientzat zabalgune handia du, ontzi lagungarrientzako hangarra, aldagelen eremua eta belari buruzko eskola teorikoak emateko 3 ikasgela. Gainera, kanpoaldean arrapala jarri da, ontziak uretan sartu ahal izateko.

Arraunketa pabilioiak 1.000 metro koadroko azalera du. Getxo Arraun Taldeak erabiliko du. Ontziak gordetzeko biltegia handia dauka, gimnasio handi bat arraunlariak prestatzeko aparatuekin, entrenamendurako hobi berria (maila goreneko zenbait euskal arraunketa taldek bertan entrenatzeko baimena eskatu dute), aldagelen eremua eta traineruentzako pantalan ikusgarria.

Bi pabilioi hauek eraikitzeko inbertsioa milioi eta erdi eurokoa izan da. Gainera, udalak 150.000 eta 300.000 euroko partida bana eman ditu arraunketa eta bela egiteko materiala erosteko, hurrenez hurren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun