Zaintzapeko estamentuzko demokraziaren erakustaldia egin du gaur EHUk Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 22a, 18:23

Hautestontziak ia hutsik, Ertzaintzako Brigada Higikorrak egindako zabaltze handia, abstentzioaren aldeko kalejira gelditu eta bertako bost ikasle identifikatu izana izan da goizean Leioa eta Erandioko campusak eman duena. Izan ere, bertan, EHU osoan bezala, erabakitzen da gaur unibertsitateko errektore Juan Ignacio Perez Iglesiasek jarraituko duen eta irakasle eta langileen ordezkariak Klaustroan zeintzuk izango diren. Goizeko 10etan, Ertzaintzak campuseko sarrerak eta Deltako zinpeko guardiek hautesgelak hartuta izan dituztela, estamentu bakoitzerako hautestontzi elektronikoak ireki dira fakultate eta eskola guztietan. Parte hartzea eskasa izaten ari da, batez ere erroldako gehiengo osoa osatzen duen baina boto haztatuaren %20 baino ez duen ikaslegoaren artean. Bestalde, atzo 30 pertsona kontzentratu ziren Sopelan unibertsitatean atxilotutakoei babesa eman eta EHUren "jarrera errepresiboa" salatzeko. Gaurko argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Esate baterako, 5.000 bat ikasle batzen dituen Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean 25 boto baino ez dituzte eman ikasleen hautestontzian goizeko 11:30ean. Zientzia fakultatean ere, dozena batzuk izan dira boto eman dutenak eta Arte Ederretako kasuan bost boto baino ez dira egon hautestontzian. Bertan, euskararen aurkako politikagatik, Ertzaintza eta zinpeko guardiak bidegabeki erabiltzeagatik eta Bologna inposatzeagatik IAk errektorearen aurka eskatutako abstentzioari bertako ikasleen asanbladak ez bozkatzeko egindako deia batu zaio, ordezkatze sistema ikasleen autokudeaketaren aurka doala iritzita.

Errektoretzak aginduta, protesta eten dute ertzainek

Goizeko 11:45ak aldera, "Bologna aplikatzeagatik, euskara baztertzeagatik, [EHU] antidemokratikoa da. Abstentzioa!" lelopeko kalejira abiatu dute 50 bat ikaslek. Unibertsitarioei abstentzioaren aldeko esku-orriak banatuz eta EHU eta errektorearen aurkako leloak oihukatuz campuseko kafetegiak, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Lan Harremanak eta Zientzia Fakultatetik igaro dira. Azken fakultate horretan, ordea, aurpegia estalita zeramaten guardiek hainbat korrikaldi egin dute kalejiraren atzean, baina ez dute ikasleen abialdia oztopatu. Lan hori Ertzaintzari utzi diote.

Ikasleen martxa Zientziatik irten eta Arte Ederretako Fakultatera heltzean egon dela, Brigada Higikorreko polizia autonomikoek bi furgoneta irristatzen gurutzatu, jaitsi, korrika egin eta bidea oztopatu diete ikasleei, borrak eta pilota jaurtigailuak eskuan. Poliziaburuak ikasleei pankarta kendu dien bitartean, hirugarren ertzain talde bat inguratu da eta atzekalderako bidea moztu die lurrean jesartzea erabaki duten ikasleei.

Ertzainek aginduak Errektoretzatik jaso dituztela esan eta lau pertsona identifikatu dituzte. Ikasle bat egiten ari zirena eztabaidatzen ari denean, berari ere identifikatzeko agindu diote, argudio bitxi baten arabera: "nirekin egin nahi baduzu berba lehenago identifikatu behar duzu zure burua". Behin ikasleek kalejirarekin jarraitzeko amore eman dutela, alde egin dute ertzainek. Orduan, hurbiltzen ibili diren Arte Ederretako ikasleek txaloka egin diete kalejiran aritutakoei eta ertzainen alde egiteari.

Errektorea sufragio unibertsal haztatuaren bidez hautatuko dute 19:00ak arte. Beraz, unibertsitateko kide guztiek, 54.701, aukera daukate botoa emateko baina bakoitzaren botoaren balioa oso bestelakoa da. Horrela, 1.813 irakasle doktoreek boto haztatuaren %51 daukate, 3.031 bestelako irakasle eta ikertzaileek %18, 1.716 administrazio eta zerbitzuetako langileek %11 eta, azkenik, 48.076 ikasleek %20 besterik ez dute. Perez Iglesias hautagai bakarra denez, baiezko botoen gehiengoa beharko ditu karguan jarraitzeko. Bestela, hautes prozesua berriro hasiko litzateke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun