"Abstentzioaren bidez" errektoreari "mespretxua" adieraztera deitu dute ikasleek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 22a, 19:46

Ertzaintzak bizitza unibertsitarioan goizean egindako esku hartzea eta abstentzioa eskatzen zuen kalejira bat moztu eta bertako bost ikasle identifikatu izana salatu dute dozenaka ikaslek campuseko kafetegi nagusiaren aurrean. Bertan egindako prentsaurrekoan izan dira identifikatutakoak eta horien izenean Oihana Etxebarrieta mintzatu da (mp4). Ertzaintzak "Iñako Perez errektorearen aginduz" jokatu duela nabarmendu du Etxebarrietak: "onartezina da". Kexu agertu dira ikasleak "demokratikoak" izan nahi diren "hauteskunde hauetan ikasleon hitza nola isilarazi nahi duten" ikustean: "Bologna gure hitzaren gainetik inposatuz, segurtasun indarrek gu jipoituz, euskara baztertuz, azken batean ikasle mugimendua osoa kriminalizatuz... eta hau da Iñakok hurrengo lau urteotarako eskaintzen digun argazkia: errepresioa, inposaketa eta eskubideen zapalketa. Horregatik deia egin dute "abstentzioaren bidez, Iñako eta bere asmoei gure mespretxua adierazteko". Argazki gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Bestalde, Leioako ikasle mugimenduak ere salatu ditu goizean gertatutakoak, bai abstentzioaren manifestazioaren kontrakoak eta baita campusean eman den "ohi baino presentzia polizial itogarriagoa".

Leioako ikasle mugimenduaren oharra:

Ohi baino presentzia polizial itogarriagoa egon da goizean goizetik Leioako UPVko kanpusean. Fakultateetan banatuta zeuden dozenatik gora guardei Ertzaintzaren 2 kotxe eta 5 furgoneta gehitu zaizkie.

Gaur ospatzen diren UPVko errektore hauteskunde hauetan abstentziorako deia eginez eta UPVk kurtso honetan zehar aurrera eraman duen politika salatuz (Bolognaren inposaketa, euskararen gutxiestea, errepresioa...) ikasle talde bat fakultatez fakultate ibili da jendea informatuz. Talde honek atzetik izan ditu uneoro bai guardiak eta baita komunikabideetako kamera eta argazkilariak ere; hauek ikasleenganako izan duten jarrera itogarria eta errespeturik gabea izan da guztiz.

Eguerdi aldera ikasleek giza-kate/manifestazio bat abiatu dute. Hainbat fakultatetatik pasa ostean, AAEErako bidean zirela, eta inongo probokaziorik gabe, Ertzaintzaren 3 furgonetak eta hainbat guardiek bidea eten diete. Ertzainek ikasleak inguratu dituzte eta hauetako 5 identifikatu dituzte, manifestazioa bertan behera utzi behar izan delarik.

Gertaera hau salatzeko ikasleek prentsaurreko bat burutu dute momentuan bertan. Prentsaurreko honetan Iñako egin dute gertatutakoaren erantzule zuzen, bere aginduz sartu baitira Ertzainak unibertsitatean eta bere aginduz eten dute giza-kate/manifestazioa baketsua. Gertatutakoa Iñakok kurtso guztian zehar izandako jarreraren adibide garbitzat jo dute; ikasleen ahotsa isilarazteko errepresioaren bidea erabili baitu beste behin ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun