Hile bukaeran 115 artisau izango dira Areeta eta Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 22a, 20:27

Maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean izango da aurtengo Getxoko Eskulangintza Azoka; "Euskal Autonomia Erkidego osoko handiena, hain zuzen ere", udal iturrien arabera. Feriaren 25. urteurrena den honetan, 115 artisauk parte hartuko dute: horietako 97k Areetako Xake plazan erakutsiko dituzte euren lanak, beste 4k erakustaldi gunean jardungo dute etengabe eta gainerako 14ak Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo kalean kokatutako gastronomia gunean izango dira. Iaz bezala, ekitaldia estalperik gabe egingo da, partaideen salmenta-postuak artisau-herrixka moduan multzokatuta. Horrenbestez, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara (larunbatean 21:30ak arte) egongo da zabalik azoka. Sarrera dagokionez, doakoa izango da. Argazkian, jostailugintza postua iazko azokan.

Getxoko Eskulangintza Azokan hainbat espezialitate erakutsiko dira: zeramika, bitxigintza, ehunak, harriak, metala, larrukigintza, landare-zuntzaz eginiko lanak... Halaber, ez ditugu ahaztu behar eskulangintza hain ohikoak ez diren beste arlo batzuk ere ikusgai egongo direla. Guztira, 25 izango dira Getxon ikusi ahal izango ditugun eskulangintza arloak. Gainera, gastronomia gunea ere izango da, Itzubaltzetako Ibaiondo kalean, eta bertan 14 salerosle egongo dira. "Eskulangintza azokan parte hartuko dutenak kontu handiz aukeratu dira eta, hori dela eta, lortu da azoka anitza", adierazi dute, Bilboko foru jauregian gaur emandako prentsaurrekoan, Imanol Landa alkateak, Iñaki Garate feria getxoztarreko arduradunak eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek. Euskal Herria osotik etorritako eskulangileez gain, Katalunia, Murtzia, Galizia, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Madril, Errioxa, Asturias, Valentzia, Extremadura, Andaluzia eta Kantabriako partaideak egongo dira. Aurten, gainera, Irlanda, Italia, Portugal eta Frantziatik etorritako artisauek ere parte hartuko dute. "Hortaz, ezagutzen dituen produktuez gain, gure artean hain ezagunak ez direnak eta eskulangintza beste era batera ulertzeko bidea ematen digutenak ere ikusteko aukera edukiko du jendeak", nabarmendu dutenez.

Zuzeneko lana

"Ohikoa denez, azoka ikustera doazenek bilatzen ari direna lor dezakete azokan eta, gainera, eskulangintzako produktuek duten berme eta erakargarritasunarekin. Kalitate handiko produktuak lortu ahal izango dituzte azokara doazenek, bai eskuz eginda daudelako eta baita egiteko erabili dituzten materialak kalitate handikoak direlako ere. Produktu horiek bakarrak dira, ez dituzte bi produktu berdin inon aurkituko", diote tokiko iturriek.

Salmenta guneaz gain, erakustaldiak egiteko gunea ere egongo da azokan. Bertan, goizez eta arratsaldez, lau eskulangilek jardungo dira zuzenean, publikoak eskulanak nola eginten diren ikusteko. Aurten, bisitariek harzuria nola lantzen den ikusteko aukera izango dute, Begoña Gutierrez Fombella artisau asturiarraren eskutik. Bestalde, Alfredo Zatorre eskarmentu handiko forjari nafarrak burdin lana erakutsiko du. Halaber, jarduera luzeko beste euskal artisau bat ere etorriko zaigu Areetara: Roman Aduriz, hain zuzen ere; egurrezko kateak pieza bakarrean egiteko teknika lantzen duena. Azkenik, Extremadurako Ana María Santiago Lineros esku-ehungailua ekarriko du eta, tradiziozko tresna horrez baliatuta erakutsiko du nola egiten diren ehunak. Gainera, eskulangile horren eskutik, gaztetxoenek ehungintza ezagutu ahal izango dute, haurrentzako tailerra egongo da eta.

Sariak

Ez ditugu ahaztu behar urtero eman ohi diren bi sariak. Batetik, eskulangileen lana eta, bestetik, produktuak aurkezteko duten modua sarituko duena. Antolatzaileek azaldu dutenez, "diseinu eta stand lehiaketetan islatzen da urtez urte produktuen kalitatea eta euren postuen aurkezpena eta apaindura hobetzeko eskulangileek egiten duten ahalegina". Horrekin batera, urtero, erosleen artean zozketa ere egiten da. Zerbait erosten duten bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun