Juan Ignacio Perez Iglesias ez da izango datozen lau urteotako EHUren errektore berria. Gaur, unibertsitatean ospatu diren hauteskundeetako hautagai bakarra izan bada ere, ez du bere kudeaketaren azterketa gainditu, boto eman dutenen artean, eta botoa estamentuen arabera moldatu ostean, %54,6k ezetza eman diolako. Boto errealean ere galdu egin du: 2.652k bere aurka bozkatu du eta soilik 2.243 bere alde. Beste 766k zuri bozkatu dute. Guztira, 5.661 unibertsitarioek baino ez dute botoa eman, erroldaren (54.701) %10,3, alegia. Izan ere, 100 ikasletik 3 baino ez dira hurbildu hautestontzietara. Perez Iglesiasek onartu du porrota "handia" izan dela eta uko egin dio dagoeneko irekiko den hauteskunde prozesu berrian berriz aurkezteari. Hortaz laster errektore ohia izango denak irakasle izatera bueltatuko dela argitu du. Klaustrorako hauteskundeen emaitzak bihar ezagutaraziko ditu unibertsitateak. Leioako campusari dagokionez, Ertzaintzak ikasleen aurka ekitea izan da hauteskunde egunean azpimarratzekoa.