Aste honetan gertakari latzak ikusi ditugu unibertsitatean, batez ere Leioako campusean. Gertakari hauek unibertsitatean dagoen egoeragatik sortu dira: Bologna prozesuaren aurrean hitza eman eta benetan behar den unibertsitatearen inguruan eztabaidatu beharrean inposaketa baino ez dugu ikusi. Inposaketa hutsa, urtez urte aurpegiz aldatzen joan dena. Hasieran eztabaida ukatzen egon dira, eta azkeneko urte honetan biolentzia baino ez dugu ikusi euren hitza entzunarazi nahi dutenen aurka. Aste honetan horren beste bi adibide izan ditugu, horietatik larriena, aspaldi ikusi gabekoa, astearte honetan bertan.
Errektoreak gertakari horien aurrean bozkatzera joatea eskatu du. Baina ez hitza eta demokrazia defendatzearren, baizik eta bere gestioaren gaineko bozketa egin zedin. Eta galdu du. Orain UPV azkeneko hamarkada honetan izan duen egoera instituzionalik zailenean utzi du. Politikaz hitz egin zedin eskatzen ziotenak isilarazi ditu, eta gestioaren inguruan hitz egin nahi zutenek aurkako bozka eman diote. Paradoxa itzela, baina pairatzen ditugun Unibertsitateen adierazgarri.
Euskal Herriak Bere Eskolatik hala ere optimismorako mezu bat eman nahi dugu. Egoera zail honen aurrean, lokatzean ondoratzen ari den unibertsitate honen aurrean, hauen aurrean, geroz eta urrunago jarri nahi diren botereguneen aurrean, Euskal Herriak Bere Eskolak konfiantza mezu bat eman nahi du. Mezu hori bi hitz dira: Euskal Unibertsitatea. Urteetan zehar proiektu hau garatzen egon da, eta jada esku artean izango dugun eguna heltzen ari da. Euskal Unibertsitatea, herriaren zerbitzura egongo den unibertsitatea, herriak sorturiko unibertsitatea eta herritarren esku egongo den unibertsitatea. Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean egin dezakegun ekarpen garrantzitsua dugu proiektu honetan.
Euskal Herriak Bere Eskola