Igandean batzar irekia egingo du ingurumenaren aldeko eskualdeko mugimenduak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 23a, 00:23

Igande honetan, hilak 25, auzo elkarte eta jendarte taldeeni batzar irekira deitu die Ur Korronte Uribe Kostako ingurumenaren aldeko elkarlan plataformak. Hitzordua arratsaldeko 7etan jarri dute, Itzubaltzeta / Romoko gaztetxean. Ur Korronte urtarrilean sortu zen Uribe Kostako talde ekologista berria izan da, apirilaren 22tik 26ra "proiektu txikitzaileen" aurkako Euskal Herriko lehenengo jardunaldiak burutu zituena. Baina, elkarteei bidalitako gutunean azaltzen dutenez, pasa den maiatzaren 4an ingurumen defentsan alderdi ezberdinak lantzen duten Itzubaltzeta Gaztetxea, Amarratsak Kolektiboa, Udondo Gaztetxea, Txakursolo Gazte Asanblada, Txorimalo Gazte Asanblada, Ez Jaun Ez Jabe, Eguzki (UKB), Antena Ez eta EAE taldeak elkartu ziren, "hirigintza, kultura, etxebizitza eta ingurumen arazo desberdinei erantzun herrikoi, alternatibo eta eraginkorra ematea helburu". Orduan Ur Korronte elkargunean jardutea eta igandeko batzarra egitea adostu zuten. Argazkian, Lamiakoko auzokide bat pasa den apirilaren 26an Ur Korronteko bizikletadan parte hartu zutenei makroaraztegiaren proiektua azaltzen.

Batzar deialdia Uribe Kostako auzo elkarte eta jendarte taldeentzat

Hirigintza eta lurralde antolaketa planei, saneamendu azpiegitura erraldoiei, kutsadura elektromagnetikoari, nekazal lurren suntsitzeari, etxebizitza sozialaren eta ekipamendu publiko eta sozialen faltari, garraio arazoei, Lemoizko mehatxu berriari, padura, erreka eta ibaien kaltetzeari eta abarrei aurre eginez Uribe Kostako herri eta auzoetan lanean dihardugun eta Itzubaltzeta Gaztetxea, Amarratsak Kolektiboa, Udondo Gaztetxea, Txakursolo Gazte Asanblada, Txorimalo Gazte Asanblada, Ez Jaun Ez Jabe, Eguzki (UKB), Antena No eta EAE-ANVkoak garen, elkarte eta jendarte talde anitzetako pertsonak pasa den maiatzaren 4an elkartu ginen, hirigintza, kultura, etxebizitza eta ingurugiro arazo desberdinei erantzun herrikoi, alternatibo eta eraginkorra ematea helburu.

Hasierako batzar horretan Uribe Kostako norbanako eta talde lokalen arteko elkarlanerako jendarte plataforma gisa definitu genuen ekimen berria, eta ideia sinboliko gisa Ur Korronte bezala izendatu dugun hasi berri den mugimendua ahalik eta gehien zabaldu eta hobeto zehazteko asmoz, deialdia zabaltzea adostu genuen.

Honengatik guztiagatik eta eskualde mailako mugimendu berria indartsu bultzatzeko, datorren igandean maiatzaren 25ean arratsaldeko 7etan Erromoko Itzubaltzeta Gaztetxean (Gobela futbol zelaia eta kiroldegiaren aurrean) izango den batzarrera gonbidatzen zaituztegu.

Ur Korronte
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun