Getxoko PSE-EEri eskua luzatu dio berriz ere Landak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 23a, 21:43

Gutxiengoan diharduen EAJren udal gobernuko legegintzaldiko lehenengo urtea "kaskarra" iritzi zion atzokoan Luis Almansa Getxoko PSE-EEren bozeramaileak. Hala ere, "guztion arteko hitzarmenak lortze aldera", ateak zabalik dituztela azpimarratu zuen horrek. Horri helduta, berriz ere luzatu dio harremanetan hasteko proposamena Imanol Landa alkateak; udal aurrekontuak negoziatzeko -2007ko kontu luzatuekin dabiltza aurten-, Joseba Arregi zinegotzi jelkideak apirilaren azken osteguneko osoko bilkuran egin bezala. Oraingoan, gaur ezagutzera emandako 2008-2011ko legegintzaldiko plangintzan (power point, gazteleraz) jarri die mahai gainean tokiko agintariak. Baita horrek aurreikusten dituen lehentasunezko ekintzetarako dirua egon badagoela ziurtatu ere. Dena dela, ez dirudi PPk eta PSE-EEk epaitegietan barrena abiatutako bidea horrekin bateragarri denik. Argazkian, Marisa Arrue eta Luis Almansa, hurrenez hurren, tokiko popularren eta sozialisten buruak, joan den astean emandako prentsaurrekoan.

Udal buru jelkideak "pozarren" hartu zuen, Udal Arautegi Organikoa aldatzeko erabakiaren inguruan Marisa Arrue eledun popularrak aurkeztutako errekurtsoa, epaileak forma akatsak direla eta atzera bota izana. Joan den ostiralean, oposizioko alderdiek emandako prentsaurrekoan, berriz, auzi horretan bi taldeak "batera" doazela nabarmendu zuen Almansak, epaileak PSE-EEren helegitea bakarrik aintzat hartu duen arren. Fiskalak berak "Udal Gobernuak oposizioko bi alderdioi gutxiesten" ari zaizkiola "onartu" duela azpimarratu zuen Almansak, ebazpena eskuan zuela. Getxoko PP eta PSE-EEren ekimenez onartutako zerga eta tasen jaitsiera ere epaitegira bidean dela gaineratu zuen.

Auziak auzi, gaur aurkeztu du Imanol Landa alkateak "enpresa pribatu batean plan estrategikoa litzatekeena". Marketing adituen antzera Power Point irudiekin jantzi ditu bere hitzak agintari jelkideak. Aditzera eman duenez, Algortako Getxo Antzoki berriaren eraikitze lanetan aurrera egitea, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazako eraikina birmoldatzea eta Areetako azoka jarduera ekonomikorako gune bihurtzea dira Gobernu Taldeak 2008-2011ko Legegintzaldiko Plangintzan aurreikusten dituen ekintzetako batzuk. Egitasmoa gainontzeko alderdiei aurkeztu diote gaur goizean. 245 ekintza aurreikusten ditu: "horietatik 66 2011rako lortu beharreko jarduera nagusiak izango dira, hain zuzen ere, orokorrean getxoztarrei eta konkretuki kolektibo behartsuenei, haurrei, gazteei, nagusiei eta Getxo udalerriaren garapenean parte hartzen dutenei zuzendutako helburuak", Landak nabarmendu duenez.

Plan estrategikoa

Alkate getxoztarraren arabera, “jarduera nagusiak XXI. mendeari aurre egingo dion udalerria lortzeko jauzi kualitatiboa izango dira, beti ere, aurrera egiteko asmoarekin. Lortu nahi den udalerriaren ezaugarriak honako hauek izango dira: bizia, dinamikoa, ekintzailea, solidarioa barrura eta kanpora begira, Euskadin errotuta, euskaldunagoa, desberdinen arteko bizikidetzarekin eta bakearekin eta garapen jasangarriarekin konprometituta”. Udal agintariak gaineratu du “gaur ezagutzera eman dugun 'ibilbide orria' aberastua izatea eta egokitzat jotzen bada proposamenak aldatzea ere nahi dugu, udalbatza osatzen duten alderdien partaidetzarekin udalerriaren alde lan egiten badute, gure herritarrentzat hoberena lortzeko helburuarekin”.

Gobernu taldeak 2011ra arte aurreikusten dituen jarduera nagusien artean honako hauek daude: estalpeko guneak ezartzea, neguan ere erabili ahal izateko (“herritarrak merkatalgune handitara joatea ekiditeko” zehaztu du Landak); udalerri barruko gune batzuen aldaketa, esate baterako, Areetako Xake Plaza, Algortako San Nikolas, Biotz Alai eta Getxo Antzokikoak, Bizkaia Zubiko ingurua edo Maidaganen metroa lurperatu ondoren geratuko dena, herritarren arteko topaguneak sustatzeko. Era berean, alkateak jarduera ekonomikoa bultzatzeko oinarrizkotzat jo du Zubilletan (Algorta) enpresentzako gunea martxan jartzea eta, epe luzera, Getxo aldeko Martiturriko jarduera ekonomikoen parkea, Areetako azokaren eraikinean aurreikusten ari diren gune ekonomiko, kultural eta sozial berria edo Begoña Gazteluko galerietan luxuzko hotela eraikitzea.

Oreka eta elkartasuna

Landak esan du, egungo legegintzaldirako ezarritako plangintzan, kolektibo behartsuenenei zuzendutako ekintzak ere "oinarrizkoak" direla; baita 12 eta 17 urte artekoentzat eta nagusientzat aurreikusita daudenak ere. Helburu horrekin, plangintzan, besteak beste, pertsonen autonomiaren alde egiten duen Menpekotasun Plangintzaren ekintzak zabaldu nahi dira eta Algortan Gizarte Zerbitzuen egoitza berria ireki. Gobernu Taldeak tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeentzako programa ere hobetuko ei du harrera pisu batekin. Bestalde, Algortan eta Itzubaltzetan 0 eta 3 urte artekoentzako haurreskolak zabalduko ditu.

Gazteleku berriak zabaltzearekin batera, azken belaunaldiko haurrentzako jolasak eta gazteen aisialdirako guneak ere ipiniko dituzte. Etxebizitzaren Plangintzaren barruan gazteentzat babestutako alokairuzko eta txandakako etxebizitzei emango diete lehentasuna. Nagusientzat 2009an Udal Erresidentziako Eguneko Zentroa jarriko da martxan eta Itzubaltzetako eta Getxoko nagusien etxeak zaharberrituko dituzte. Azkenik, Landak esan du jasangarritasunaren alde pentsatutako ekintza batzuk eramango dituztela aurrera, esate baterako, udalerri barruko eta eskola eta kirol instalakuntzen arteko bidegorrien sarea, udal eraikinetan eraginkortasun energetikoa areagotzea eta erregai ekologikoak erabiltzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun