Martxoaren 20an Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan zuten presoa, krisialdi larria zuela eta. Hurrengo egunean eraman zuten berriz espetxera. Astebete beranduago, hilaren 27an, berriz eraman behar izan zuten Txagorritxura. Apirilaren 4a arte egon zen ospitalean. Hiru egun geroago, ordea, beste krisialdi bat izan zuen presoak, ohi baino gogorragoa. Hala ere, gauean ospitalera eraman, eta goizaldean berriro eraman zuten espetxera, sendagaiak eman ondoren. Bada, apirilaren 8an, 19:00etan Txagorritxura eraman eta 21:10ak aldera bueltatu ostean; hogei minutu beranduago Santiago ospitalerako bidea egin behar izan zuen Figueroak, bertan ordu eta erdi emateko. Hurrengo bi egunetan ere egin zuen erietxerako joan-etorria. Azkenik, hilaren 12an, preso gaixo algortarraren ama Langraizko espetxera (Gasteiz) bisitan joan zitzaion semeari goizean eta horrek egoera oso larrian aurkitu duela jakinarazi zuen. Bere deiari erantzunez, 30 bat lagun joan ziren kartzeleraino.
Ekinez
Anjel Kalera! ekimenak, bien bitartean, presoa aske uzteko eskatzeko ekitaldi ugari egin ditu ordutik hona. Apirilaren 18an, Figueroa eta beste preso gaixoak askatzeko aldarrikapenari eutsi egin zioten 400 lagunek baino gehiagok, Algortan egindako manifestazioa eta ekitaldiaren bitartez. Sei egun beranduago, berriz, euren herrikidearen osasun egoeraren gaineko hitzaldia egin zuten. Ondorengo asteetan, herritarrek emandako 3.582 sinadura zuzendu zizkieten Juan Jose Ibarretxe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariari, Juan Antonio Perez Langraizko kartzeleko zuzendariari eta Imanol Landa Getxoko alkateari. Maiatzaren 11n, 200 lagun inguruk egin zuten Langraizera martxa. Eta 16an 20 lagun inguruk egin zuten elkarretaratzea Algortako anbulatorio aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta horren buru den Gabriel Inclani Figueroa askatzeko aldarria bere egin dezatela eta, bide horretan, eskura dituzten baliabide guztiak erabil ditzatela eskatzeko. Bitartean, ostiralero, elkarretaratzea izaten da, 20:00etan, Telletxe plazan.