Gorpuzti eguna ospatuko dute bihar Algortako Portu Zaharrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 24a, 21:43

Usadio zaharrari eutsiz, aurten ere Gorpuzti eguna hartuko du igande honetan, maiatzak 25, Algortako Portu Zaharrak. Aurrekoetan bezala, meza atari zabalean entzuteko aukera izango dute Etxetxu plazara bertaratutakoek, eguerdiko 12etatik aurrera. Horren ostean, 13:00etan, ohiko sardina jana egongo da bertan eta, sabela bete bitartean, Biotz Alai abesbatza algortarraren emanaldia entzun ahal izango dute guztiek. Arratsaldean, berriz, Los Txikis bilbainada talde entzutetsuak izango du jaialdiari amaiera emateko ardura. Arratsaldeko 7etatik aurrera eskainiko dute saioa. Bitartean, Erandion Landan ostegunean abiatu ziren Gorpuzti jaiak eta bihar bertan emango zaie amaiera. Hala ere, oraindik badago zerekin gozatu. Besteak beste, gaur gauean, Kresala taldeak eskainiko du dantzaldia eta, ondoren, disko festa izango da. Bihar, berriz, Erandioko Udal Musika Bandak alaituko du goiza. Eta arratsaldez Atolon taldeak eskainiko du nagusientzako dantzaldia. Argazkian, Gorpuzti eguneko giroa Algortako Portu Zaharrean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun