Urdulizko Andramarietarako kartel lehiaketa deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 25a, 14:09

Andra Mari jaiak iragarriko duen kartela hautatzeko lehiaketa antolatu du Urdulizko Kultur Etxeak. Lanak postaz zein zuzenean entregatu ahal izango dira Urdulizko kultur etxean (Aita Gotzon, 16 - 48610 Urduliz), ekainaren 14ko 14:00ak arte. Irabazleak 400 euro jasoko ditu. Bestalde, ekainaren 17tik 30era bitartean, kultur etxean egingo den erakusketan herritarrek aukeratzen duten lanaren egileak 100 eurotako saria lortuko du. Eta beste saririk jaso ez duen urduliztar baten obrarik onenaren egileak, beste horrenbeste. Hilaren 27an, 13:00etan, emango dute ezagutzera epaimahaiaren erabakia. Argazkian, inguruko herri gehienetan burutzen dira jaietako kartela aukeratzeko lehiaketak, tartean Algortako Saninazioetarako.

Nahi duten lagun guztiek parte hartu ahal izango dute horretan, eta aurkeztu beharreko lanen kopurua librea izango da; baita kartelaren gaia eta erabili ahal diren teknika eta kolorea ere. Neurria, 45 x 60 zentimetrotakoa eta euskarri gogorrean itsatsia derrigorrez. Ordenagailuz eginez gero, kartelaren euskarri informatikoa eman egin beharko da. Agertu behar den testua hauxe da: "Urdulizko Jaiak - Andra Mari 2008". Kartelak egilearen sinadura barik aurkeztuko dira; kartazal itxi batean sartuko dira identifikaziorako datuak: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefono zenbakia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun