Algortako Gazte Asanblada: "epaiketa fartsarik ez!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 26a, 16:13

Maiatzaren 28an Uribe Kostako hiru gazte epaituko dituzte Bilbon; Algortako Mentxakabarri gaztetxearen aldeko kontzentrazio baten ostean gertatutako istiluengatik epaituko dituzte. Gazte hauek ez ziren momentuan identifikatuak izan, herri mugimenduan parte hartzeagatik ezagutuak izan zirelako, inputatu gisa deitu dituzte deklaratzera. Egun horretan gertatu zena hau da: Getxoko Alderdi Popularrak, gazte mugimenduaren eta gaztetxeen aurkako kanpainia aurrera eramateko hautua egin zuen aspaldi. Mentxakabarri gaztetxearen aurrean prentsaurreko bat burutzera joan zirenean, gazteok haien ezezko borobila adierazteko bertara hurbiltzeko deia luzatu zuten. Dei horrek ekarri zuen erantzunagatik prentsaurrekoa udaletxera mugitu zen.

Hala ere, gazteriak bere erantzuna hara eramateko gai izan zen, eta beste hiritarrak bezala udaletxera sartzea eskatu zutenean, Udaltzaingoak sarrera debekatu zien. Momentuko urduritasuna giroaz jabetu zen eta udaltzainek bultzaka eta jendea mespretxatzen hasi ziren, gure ustez probokatzeko intentzioarekin.

Egun horretako gertakariei buruz komunikabideek emandako informazioaren manipulazioa ere salatu nahi dugu. Udaltzain baten aurkako bultzadekin saihets bat apurtu ziotela diote, zinegotziei erasotzeko asmoak egon zirela... Kasu hau ireki zenetik Audientzia Nazionalaren bitartez tramitatu nahi zen, kutsu politiko edo filoterrorista zuelakoan. Eta hori ez da gertatutakoa, herri erantzun garbi bati terrorista, ilegala eta bortxazalearen irudia eman nahi diote daukaten bitarteko guztien bitartez, eta denok dakigunez, komunikabideek funtsezko papera betetzen dute jendeari etiketak jartzerakoan. Ez gara ez terroristak ez bortzazaleak, eta ilegalak egin gaituzte, ilegala izatea ez delako guk egindako aukera, jarri diguten beste etiketa zikin bat baizik.

Beste alde batetik, Udalak eta Alderdi Popularrak Algortako gazteria ahal bezain beste ahultzea bilatzen dabiltzala salatu nahi dugu, eskutik helduta lan egiten baitute, gazteon nahiak errepresentatzen ez dituzten instituzioetatik. gazteok ez dugu hitzik Udal honen aurreran, eta kasu honekin argi geratu zaigu eskaintzen diguten bidea, gure eskaerei uko egitea eta, ahal izatekotan, erasotzea dela.

Gazte mugimenduaren kriminalizazioa

Gazteok gure eskubideen jabe izateko borrokan pairatzen dugun jazarpen poliziala beste puntu bat da gure salaketen artean.

Gure egunerokotasunean gaizkile huts bezala aurkezten gaituzte, gure iniziatiba eta exijentziei uko eginez batzutan, eta zuzenean indarra erabiliz askotan. Daukaten indar guztiekin kriminalizatzen gaituzte, geldiezina den ideologia bat baztertu eta akatu nahian dabiltza. Oraingoan, Algortako gazte hauek daude jopuntuan, baina pertsona zehatz hauen atzean dagoen korronteak ez du bere aurkako erasorik erantzunik gabe utziko, atxiloketa, epaiketa fartsa eta muntaien gainetik tinko jarraituko dugu gure borrokan.

Gora Algortako gazte mugimendua!
Muntaia polizialik ez!
Epaiketa fartsarik ez!
Ez gaituzue geldituko!

Algortako Gazte Asanblada
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun