Bihar hainbat mobilizazio izango dira eskualdean "demokrazia zero" lelopean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 26a, 22:51

Bihar, asteartea, maiatzak 27, urtebete egingo du azken udal hauteskundeak izan zirenetik. Espainiako Estatuak Batasunari eta Abertzale Sozialistei aurkezten debekatu ostean, Eusko Abertzale Ekintzaren zerrenden erdia edo baliogabetu zuten, eskualdean soilik Sopelan eta Lemoizen legez aurkezterik izan zutela. Gauzak horrela, EAEk ia 8.400 boto bildu zituen Uribe Kostan eta Erandiok, baina zegozkion 22 zinegotzietatik Hauteskunde Batzordeak 7 baino ez zizkion onartu. Bestelako hautetsiek, kasu gehienetan, ordezkaritza ukatua izateaz gain, kasu gehienetan arazoak izan dituzte udal informazioa eskuratzeko. Besteak beste, "demokrazia zero" lelopean honako elkarretaratzeak egingo dira bihar, arratsaldeko 8etan: Algortako Telletxe, Plentziako Astillero eta Gorlizko Udaletxe plazetan. Argazkian, pasa den urtean Erandioko Udalbatza osatzean hainbat auzokidek "demokrazia zero" lelopean egindako protesta.

Getxoko Eusko Abertzale Ekintzak gogoratu duenez, bere zerrendak 3.245 herritarren bozak jaso zituen eta hain zuzen ere hori "gogorarazteko eta urte oso honetan Getxoko Udalean dagokigun 2 zinegotzien ordezkaritza izateko ezetza baino ez dugula jaso eta era guztietako oztopoak jarri zaizkigula salatzeko" elkarretaratzea egingo dute. Era berean, "getxoztarrekiko dugun lanerako konpromisoa berretsi egingo dugu" zehaztu dute.

Bestalde, Piztu! Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzalearen ahotsa izeneko bitakorak kexu agertu da Lemoizen ez bezala Plentzian eta Gorlizen dagoen demokrazia ezagatik eta herri horietako elkarretaratzetara joaten deitu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun