Ostiralera arte dago Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izena emateko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 26a, 23:35

Ostiralera arte egongo da zabalik Areetako Andres Isasi Udal Musika Eskolan (argazkian) 2008-2009 ikasturterako izena emateko epea. Eskolan sartu ahal izateko gutxieneko adina 4 urtekoa da. Musika eskolan hainbat ikasgai daude: biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua, gitarra, baxu elektrikoa, txirula, oboea, fagota, klarinetea, saxofoia, tronpa, tronpeta, tronboia, bonbardinoa, tuba, perkusioa, pianoa, txistua, akordeoia, panderoa, alboka, trikitixa, txalaparta eta kantua, hurrenez hurren. Gainera, "oso garrantzitsua" deritzote taldean jotzen ikastea, eta hori dela eta, korda taldeak, bandak, gitarra taldeak, fanfarria, akordeoi taldeak, abesbatzak, jazz konboak, eta hainbat ganbera musikako taldeak sortzea errazten dute. Halaber, musikoterapia ere irakasten da zentroan, bereziki hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleei zuzenduta. Dagoeneko Getxo udalerriko 4 eta 11 urte bitartean dituzten umeei bidali die informazioa Udal Musika Eskolak, bertoko eskaintza ezagutzera emateko. Izena eman nahi dutenek Andres Isasin bertan edo www.getxo.net webgunearen bitartez egin dezakete.

"Eskaera handiegia izango balitz, lekuak banatzeko zozketa publiko bat egingo da. Dauden lekuak banatuta plaza lortu ez dutenek itxaron zerrenda batean geratuko dira, eta sartuko dira lekuak libre geratzen diren heinean", azaldu dute arduradunek. Adinari dagokionez, 4 eta 18 urte bitarteko ikaslegoa gehiengoa da musika eskolan. Nagusienen artean (19 eta 70 urte baino gehiago artean) azken urte hauetan %25 eta %30koa izan da matrikulazioa, Getxoko Udaleko iturriek azaldu dutenez.

Ekitaldiak

Ostiral honetan, maiatzak 30, 8 eta 10 urte arteko ikasleek osatutako Barañaingo Musika Eskolako Bandak Areetara egingo du bisita eta bertoko ikasleekin batera kontzertua eskainiko du; joan den apirilaren 11n musika ikasle getxoztarrek Barañainen egin bezala. Banda biek elkarrekin joko dute eta Andrew Watkinen "Circus March" abestia jotzen amaituko dute. Emanaldia Algortako Getxo Antzokian izango da, 20:00etan, sarrera dohainik.

Bestetik, Getxoko Musika Eskolak eta Alfredo Krausen Lagunen Elkarteak kantu eta piano kontzertu bat antolatu dute larunbaterako, 20:00etan. Emanaldia bertoko entzungelan izango da eta bertan, "Dena Puccini-Tutto Puccini" izenburupean, Itziar De Unda, Consuelo Garres eta Elena Barbe sopranoek eta Andeka Gorrotxategi tenoreak Giaccomo Puccini musikagile italiarraren opera ezagunenetarikoen hainbat aria eta duo ("Manon Lescaut", "Le Villi", "Edgar", "Madame Butterfly", "Tosca", "La Bohéme" edo "Turandot") abestuko dituzte, Itziar Barredok pianoan lagunduta. Sarrera 4 eurokoa izango da eta Musika Eskolaren bulegoan lortu ahal izango da, 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era, astelehenetik ostiralera, edo larunbatean txarteldegian bertan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun