Eskaintza, esan bezala, formatu txikiko baina kalitate handiko ikuskizunek osatzen dute, denak ere euskarazkoak, askotarikoak: antzerkia, musika, haurrentzako ikuskizunak, literatura, diaporamak…
Kultur Errotaren lehenengo emanaldia Elgoibarren izan zen, 1998ko azaroaren 13an. Urte hartan, 26 emanaldi zuten zirkuituan parte hartu zuten hamaika elkarteek. Harez geroztik, nabarmen hazi da Kultur Errota: azken edizioetan, 50 euskara elkartek hartzen dute parte haren antolaketan, eta urtean 200 emanaldi eskaintzen dira. Horrela, kultur azpiegitura erraldoien eskaintza osatzen da, kultura gune txikiagoetara ere hurbilduz, eta aukera ugari eta askotarikoak eskaintzen dira euskaraz gozatzeko.
88 euskara elkarte elkarlanean
Aipatu bezala, maiatzaren 29an 1.500. emanaldira iritsiko da Kultur Errota. Topaguneak ez du aukera alferrik galdu nahi, eta ikuskizun berezia prestatzen ari da kopuru gogoangarri horretara iritsi izana ospatzeko. Hala, enkargua egin dio Ander Lipus antzerkilariari ikuskizun berezi bat prestatzeko. Ikuskizun horrek Kultur Errotaren ezaugarriak islatuko ditu, eta antzerkia, musika eta literatura uztartuko ditu, Lipusen beraren, Gikitxaro antzerki taldearen, Asier Serranoren eta Kokein taldearen laguntzaz.
Ikuskizuna, erabat irekia izango dena, Eibarko Portalea Kultur Etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan. Kultur Errotaren inguruan aritutako lagun guztiek bertaratzeko gonbidapen berezia jaso dute, baina, antolatzaileek azpimarratu dutenez, “ekitaldia erabat zabala izango da, eta nahi duen edonor etor daiteke gurekin ospatzera”. Ospakizuna borobila izateko, modakutxoa jateko aukera ere ez da faltako ikuskizunaren ostean.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 88 Euskara Elkartek osatzen dute, tartean Getxoko Bizarra lepoan eta "UK" argitaratzen duen Boluntzarreta eta Erandioko Berbots elkarteak. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea, sentiberatzea…