Bidegorri gehiago jartzea eta energia aurrestea eskatu dizkiote Landari ikasleek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 27a, 21:30

Pasa den astean Leioan egin bezala, 21 Eskola Agendan parte hartzen duten Getxo udalerriko 10 ikastetxeetako neska-mutilek udaletxea bere gain hartu dute gaur goizean. Horretarako, hainbat ikasle ordezkari Imanol Landa alkatea, Keltse Eiguren, Ingurumen zinegotzia eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko ordezkari batzuekin bildu dira Udalbatza aretoan. Bertan, besteak beste, udalerri osoa zeharkatzen duen bidegorriren sarea egokitzeko, uraren eta energiaren kontsumo arduratsuagoa egiteko eta birziklapen sisteman hobekuntza batzuk ezartzeko eskatu dituzte ikasleek egindako Eskolako Foroan. Foroaren helburua, aurrekoetan bezala, udal arduradunei ikasturte osoan egindako lanaren ondorioak aurkeztea da tokiko ordezkariek aintzat har ditzaten. Gaurkoan, Udalak bere egoitzetan eguraldi aldaketari lotuta egiten duenari buruzko lanaren ondorioak eta udalerriko bizi-kalitatea zelan hobe daitekeen azaldu dute neska-mutilek. Argazkian, Udalak luzatu eta berrituko duen bidegorrietako bat, Itzubaltzeta / Romoko Errekagane kalekoa.

Urtero eskaera bera alkateari

Ekimenean, Geroa, Gobela eta San Nikolas ikastoletako; Juan Bautista Zabala, Larrañazubi, Zubileta eta Azkorri ikastetxeetako; eta Fadura, Aixerrota eta Julio Caro Baroja institutuetako ikasleek zenbait udal dependentziari buruz 2007-2008ko ikasturtean energiaren, mugikortasunaren, hondakinen eta birziklatzearen ikuspegitik egin duten ebaluazioa azaldu dute. Era berean, udal ordezkariei zenbait proposamen eta eskaera azaldu dizkiete, 21 Eskola Agendaren barruan egin duten ingurumen diagnostikotik atera dituztenak. Horien artean, udalerri osoa zeharkatuko lukeen bidegorriren sarea egokitzea eskatu dute ikasleek.

Eskaera hori urtero egiten dute gazteek eta alkateak erantzun du “Udala lan egiten ari da gai horretan, bereziki, bizikletak eta oinezkoak eta bestetik, bizikletak eta ibilgailuak batera ibiltzearen alde, inolako gatazkarik sortu gabe”. Horretarako Landak “ikasleen laguntza eta iradokizunak eskatu ditu, beste agente sozialenak bezala”.

Ura, energia eta zaborrak

Gainontzeko eskaerei dagokienez, Imanol Landak azaldu du Udalak urtero diru-kopuru bat zuzentzen duela ur sarearen mantenimendurako, horrela gerta daitezkeen galerak ekiditeko. Udal egoitzetan hondakinen bilketa hautakorra egin ahal izateko edukiontziak jartzeko eskaera interesgarritzat jo du Landak (baina zehaztu du hori paperarekin egiten dela dagoeneko) eta baita udal langileei energiaren kontsumoaz eta gastuaz informatzea ere. Ingurumeneko zinegotziak zehaztu du zaila dela zulo handiagoko edukiontzi horiak jartzea “horrek birziklapenerako egokiak ez diren elementuak ere edukiontzian sartzea suposa lezakeelako”.

Diagnostiko hau egin aurretik, zenbait udal eraikin bisitatu dituzte ikasleek: udaletxea, Santa Klara eraikina, Fadura eta Gobela kiroldegiak, udal egoitza, Andres Isasi musika eskola, Villamonteko kultur etxea, eta abar.
21 Eskola Agendako proiektua segidako laugarren urtez garatu da, eta iazkoan baino ikastetxe bat gehiago, Azkorri ikastetxea, izan du partaide.

21 Eskola Agenda hezkuntza komunitatearen konpromiso bat eta ekintza plana da, ikastetxeko eta inguruko ingurumen kalitatearen eta iraunkortasunaren alde lan egiteko. Ikasleei aukera ematen die euren inguruko ingurumen problematika aztertzeko eta ulertzeko; gainera, ikasleek herritar gisa duten betebeharra betetzeko prestatzen ditu, gizarte bidezkoago baten alde eta ekologikoki iraunkorragoa den baten alde egiteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun