Ertzainetako bat istiluen egiletzat hartu du Arruek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 28a, 20:03

Akusazioak proposatuta deklaratu duten lekukoetatik batek berak ere ez du ziurtatzerik izan, gaur Bilbon egindako epaiketan, Lander Labajo preso politikoak eta auziperatutako Uribe Kostako beste bi gazteek 2005ean PPk Algortako Mentxakabarri gaztetxe zenaren aurrean egin zuen agerraldi baten ostean Getxoko udaletxean izan ziren istiluetan parte hartu zutenik; ezta udaltzain bati eraso egin ziotenik ere. Are gehiago, istiluen ustezko egileetakoren bat auzipetuen artean ikusterik bazuen galdetuta, hiru gazteen artean eserita zegoen kalez jantzitako ertzainetako bat seinalatu du, erratuta, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak. Epaiketa "horren ondo" joan dela ikusita, "absoluzioa" espero duela adierazi du Iñigo Santxo hiru mutiletatik biren abokatuak. Hala ere, "zuhur jokatu" behar dela ohartarazi du. Bitartean, 19:30erako mobilizazioa deitua dauka Telletxen Algortako Gazte Asanbladak (AGA). Argazkian, AGAk astelehenean emandako prentsaurrekoa.

Lander Labajo Langraizko espetxetik ekarri eta ordu erdi bat beranduago, 9:30ak aldera, hasi da epaiketa Bizkaiko Lurraldeko Auzitegian, BIlboko Buenos Aires kalean. Algortako preso politiko gaztea joan den aste bukaeran heldu zen Gasteiz aldeko presondegira, Aranjueztik (Madril, Espainia). Bidean "jipoitu eta umiliatu" egin zutela salatu zuen Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Gaurkoan, berriz, 40 bat lagun eta senide izan ditu zain areto kanpoan. Horietatik zortzik ikusterik ere izan dute salara sartuta, entzule gisa. Bukaeran, gora beherak tarteko, hiru senitartekoekin hitz egiteko aukera eman diote. Bada, ia bi orduz luzatu den epaiketan, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak eta udal getxoztarreko idazkaria eta udaltzainak deklaratu dute akusazioaren lekuko gisa. Istiluetan tokiko polizietako bat zaurituta suertatu zela salatu zuen bere garaian Getxoko Udalak. Gaurkoan, baina, lekuko batek berak ere ez ditu istiluen egiletzat jo auzipetuak. Labajok eta beste gazteetako batek, egun horretan, udaletxean, "EHNA egiteko errolda agiria eskatzen" zeudela adierazi dute behin baino gehiagotan. Hirugarrenak UKBERRI.NETi adierazi zionez, sumarioan agerikoa zenez inork ez zuen identifikatu egun hartan eta udaletxeko eta inguruetako 11 segurtasun-bideokameratako irudietan ez zen agertzen, "gertaerak izan zirenean ez nengoelako han. Oraindik ez dakit zergatik ni auziperatzea erabaki duten".

Iñigo Santxo abokatuak azken orduan proposatutako lekukoa -PPren prentsaurreko hartan egondako UKBERRI.NETeko kazetaria-, baina, ez du deklaratzerik izan, bi aldeek begi onez ikusten zuten arren. Areto barrukoek adierazi dutenez, "dagoeneko lekuko nahikoa entzunda zuela" argudiatu du epaileak, ezezkoa emateko. Epaiketa amaitu eta hogei minutura, Langraizera bueltan zeroaten Lander Labajo agurtu dute batutako lagunek, zortzi ertzain inguruan zituztela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun