Ostegun honetako (maiatzak 29) udal batzarrerako, Eustakio Mendizabal “Txikia” eta Txabi eta Joseba Etxebarrieta ETAko kide izandakoei eskanitako bi kaleen izenak aldatzea eskatzeko mozio aurkeztu zuen, orain hilabete bat, Leioako PPk. Hala ere, Eneko Arruebarrena EAJko alkateak ez du gai zerrendan jaso eta tokiko popularren haserrea eragin du horrek. "Badirudi alkateak ez duele bete nahi 2003ko azaroaren 13ko osoko bilkuran adostutakoa. Urte horretako ekainaren 25ean terrorismoaren biktimen egoera arintzeko neurrien inguruko legez kanpoko proposamena onartu zuen, aho batez, Eusko Legebiltzarrak eta horrekin bat egin zuen Udalak", Xabier Olabarrieta (argazkian) tokiko popularren bozeramaileak adierazitakoaren arabera. Bere hitzetan, "biktimen oroimenerako iraingarriak izan daitezkeen kale eta plazen izenak birpentsatzea" iradokitzen zuen ekimenak. Bihar premiazko mozio bezala aurkeztuta ere atzera botako dutelakoan, "zentsura" erabiltzea leporatu dio Arruebarrena alkateari Leioako PPk.