Itsas Joko Atlantiko jendetsuenak izango dira Getxo eta Sopelakoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 29a, 12:39

Orain arte kirolari gehien batu dituzten Itsas Joko Atlantikoak izango dira Getxo eta Sopelan egingo direnak, Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) jakinarazitakoaren arabera. Orotara, 800 eta 1.000 lagun artean lehiatuko dira bela, surf, urpeko jarduera, arraun eta piraguismo modalitateetan. Aurreko 13 edizioetan ohikoak izan diren taldeez gain, Katalunia, Andorra, Belgika eta Akitaniatik ere etorriko dira aurten. Getxoko Kirol Portuan, Abrako uretan eta Sopelako Arrietara hondartzan lehiaketa ugari izango dira, beraz, datorren uztailaren 19tik eta 25era bitartean. Itsas Joko Atlantikoetan “gure eskualdeetako ezaugarri nautiko berezi hau erakusten eta sustatzen da; eta aldi berean, eskualdeetako trukerako aukera berriak sortzen dira. Udako ekitaldirik garrantzitsuenetako bat izango da, herrialde baten irudia emango dugu, eta, euskal selekzioen bidez, kirol-eredu bat islatuko. Euskal selekzioek, gainera, azken urteotako lehiaketetan irabazi dute”, esan zuen atzoko aurkezpenean Ruben Bueno EKFBren kudeatzaileak. Bestalde, euskal selekzioek zelan lehiatzen diren “gogoz” ikusiko dugula adierazi zuen Imanol Landa alkate getxoztarrak. "Lehiatzeko aukera dute eta, gainera, irabazten dute. Horrela, itsasoko gure kirolei bultzada bat emango zaie”, gaineratu zuen. Bestalde, logotipo berria aurkeztu zuen atzokoan EKFBk. Argazkian, Bueno eta Landarekin batera, Imanol Garai Sopelako alkateak eta Kepa Acero surflariak ere parte hartu zuten atzoko aurkezpenean.

Itsas Joko Atlantikoak Bretainian sortu ziren 1995eko urtean, eta Europa Atlantikoko eskualde eta nazionalitateetako kirol, turismo eta kulturaren arloko sustapenak ekitaldi bakar batean biltzeko helburuarekin jaio ziren. Eta hori lortzeko modurik onena, itsasoarekin estuen lotuta dauden espezialitateetan lehiatzea izan zen: surfean, belan, arraunean, piraguismoan eta urpeko jardueretan. Euskal selekzioak dagoeneko egiteko nabarmena betetzen du lehiaketa horretan, eta gero eta ezagunagoa den eta zalantzarik gabeko kalitatea duen partaidetza du, azken hiru urteetan frogatu duen bezala: Gijonen, Cornuallesen eta Bretainian, hiru leku horietan euskal selekzioa izan zen onena, inolako ezbairik gabe. EKBFk duen pisua gero eta handiagoa da, eta, horregatik, berak antolatuko ditu 2008ko Jokoak Getxon eta Sopelan. Aurten, 15 lekutatik etorritako 800 eta 1.000 kirolari bitartean elkartuko dira elkarbizitza adeitsu eta lagunarteko lehia giroan. Galizia, Bretainia, Cornualles, Eskozia, Man Uhartea, Irlanda, Portugal Iparraldea, Gales, Asturias, Katalunia, Andorra, Belgika eta Akitaniako kirolariekin batera lehiatuko da Euskal Herria.

Nazioarteko batzordea

Dagoeneko hainbat diziplina nautikotako nazioarteko federazioek aintzatetsi dituzte Itsas Joko Atlantikoak. Gainera, 2003az geroztik ‑jokoekin batera Merkatu Zelta egiten denetik‑, asko aberastu dira jokook, hainbat herrialdek produktu autoktonoak erakusten baitizkiote jendeari 3 edo 4 egunetan. Itsas Joko Atlantikoak, kide diren herrialde edo eskualde bakoitzeko 4 ordezkarik osatzen duten nazioarteko batzorde baten agintepean antolatzen dira. Nazioarteko batzorde horrek, Jokoetako edizio desberdinen tokiak eta datak definitzen dituen arautegi orokor bat argitaratzen du. Eta 2008an, Euskal Herriko Kirol Federazioen Elkarteari egokitu zaio txanda.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun