Sopelako Txakurraren Etxeak heziketa jardunaldia eskainiko du ekainaren 8an, igandearekin, animalia horien jabe direnentzat. Eusko Jaurlaritzaren agiri-ofiziala duen hezitzaile batek teoriazko eta praktika bidezko saioa eskainiko du, tokiko iturriek adierazi dutenez. Besteak beste, soka eta lepokoa egoki erabiltzen irakatsiko zaie "txakurrarekin komunikazio bikaina lortu asmoz". Bestalde, beldurrari eta aberearen agresibitateari aurre egiteko sendiaren esku hartzea sustatuko dute. Horregatik, komenigarria deritzote ikastarora txakurrarekin harremana duten senide guztiak joatea (txakur bakoitzeko 2-3 kide). Jardunaldia Txakurraren Etxeak Sopelako Gatzarriñe kalean duen egoitzan egingo da 10:00etatik 13:00etara. Informazio gehiago jasotzeko, berriz, 946 765 579 (Javier) telefono zenbakira deitzerik badago.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!