Getxoko Eskulangintza Azokari ekingo diote bihar 115 artisauk Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 29a, 19:56

Bihar, ostirala, hilak 30, Eskulangintza Azoka hasiko da Areetan. Aurten 25. urteurrena ospatuko du azokak eta bertan 115 artisauk parte hartuko dute. Ohi bezala, Areetako Xake plazan jendaurrean paratuko dituzte 97 artisauk beren lanak eta beste 4 eskulangilek erakustaldiak egingo dituzte. Gainera, Ibaiondo kalean kokatutako gastronomiaren gunean beste 14 artisau jardungo dira. Iaz bezala, karparik ez da egongo eta aire zabalean izango da azoka. Bestalde, sarrera doakoa izango da. Azoka igandean amaituko da eta honako hau izango du ordutegia: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:30era. Larunbatean, 22:00etan itxiko da. Aurtengo azokan hainbat espezialitate erakutsiko dira: zeramika, bitxigintza, ehuna, harriak, metala, larrukigintza eta landare-zuntzaz eginiko lanak. Argazkian, iaz egindako zura erakustaldia.

Halaber, ezin dira ahaztu eskulangintzan hain ohikoak ez diren beste arlo batzuk ere, azokan ikusgai egongo dira-eta. Guztira, 25 izango dira Getxon ikusi ahal izango diren eskulangintza arloak. Gainera, gastronomia-gunea ere izango da, Ibaiondo kalean, hain zuzen ere, eta bertan 14 salerosle egongo dira.

Nazioarteko ordezkaritza zabala

Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez, eskulangintza azokan parte hartuko dutenak "kontu handiz" aukeratu dira eta, hori dela eta, lortu da "azoka anitza". Euskal Herri osotik etorritako eskulangileez gain, Irlandak, Italiak, Portugalek, Frantziak, Herrialde Katalanek, Asturiasek, Galiziak, Gaztelak, Leonek, Andaluziak eta beste estatu eta nazioek bere ordezkaritza izango dute azokan. Hortaz, jendeak ezagutzen dituen produktuak lor ditzake eta baita hain ezagunak ez direnak eta eskulangintza beste era batera ulertzeko bidea ematen digutenak ere.

Erakustaldiak eta lehiaketak

Salmenta-guneaz gain, aurten erakustaldiak egiteko gunea ere egongo da azokan. Bertan, goizez eta arratsaldez, lau eskulangile jardungo dira zuzenean, publikoak eskulanak nola egiten diren ikusteko. Aurten, bisitariek harzuria nola lantzen den ikusteko aukera izango dute, Begoña Gutierrez Fombella artisau asturiarraren eskutik. Bestalde, Alfredo Zatorre eskarmentu handiko forjari nafarrak burdin lana erakutsiko digu. Halaber, jarduera luzeko beste euskal artisau bat ere etorriko zaigu Areetara: Roman Aduriz, hain zuzen ere, egurrezko kateak pieza bakarrean egiteko teknika lantzen duena. Azkenik, Extremadurako Ana Maria Santiago Lineros ehuleak esku-ehungailua ekarriko du Areetara eta, tradiziozko tresna horrez baliatuta, erakutsiko digu nola egiten diren ehunak. Gainera, eskulangile horren eskutik, gaztetxoenek ehungintza ezagutu ahal izango dute, haurrentzako tailerra egongo da eta.

Ohi bezala, lehiaketak ez dira faltako azokan. Batetik, eskulangileen lana sarituko da eta, bestetik, produktuak aurkezteko duten modua ere sarituko da: diseinu eta stand lehiaketetan. Ekimen horietan islatzen da urtez urte produktuen kalitatea eta euren postuen aurkezpena eta apaindura hobetzeko eskulangileek egiten duten ahalegina. Horrekin batera, urtero erosleen artean egiten dugun zozketa ere egingo da aurten ere eta zerbait erosten duten bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun