Santa Anako BOEetako aparkatzeko tokiak salgai jarri nahi ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 29a, 20:12

Getxoko Gobernu Taldeak biharko udal batzara eramango du Areetako Santa Ana auzoko babes ofizialeko etxebizitzen azpian jarritako 201 aparkatzeko tokiak merkaturatzeko hasierako proposamena. “2003ko uztailaren 24ko osko bilkuran aho batez onartutako akordioa bideratzea da asmoz, aipatu aparkalekuen prezio publikoa gaurkotuz”, azaldu du Imanol Landa alkateak. Udal iturriek emandako datuen arabera, azken hamarkadan guztira 1.092 aparkatzeko toki egokitu dituzte Itzubaltzeta / Romon eta Areetan, “inguruko getxoztarrek egindako eskaerei erantzunez". "Une honetan Algortan antzeko ekintzak egitea da asmoz, bertoko kaleetatik autoak kentzeko”, gaineratu du udal agintariak. Argazkian, apirileko udal batzarra.

Bihar eztabaidatuko duten proposamenaren bidez, bi solairutan dauden 201 aparkatzeko tokiak, (5 ezintasunak dituzten pertsonentzat) eta 35 trastelekuak merkaturatzeari hasiera ematea aurreikusten du Getxoko Udalak: 50 urteko epealdirako azaleraren eskubidearen igorpena jarriko da merkatuan, 20.460 eurotan. Aparkatzeko tokiek 22 metro koadro baino gehiagoko azalera dute eta trastelekuen salneurria metro koadroko 925 eurokoa izango da. Ibilgailua duten eta eragin inguruan (Itzubaltzeta eta Areetako kale batzuetan) erroldatuta dauden pertsona fisikoek eskatu ahal izango dute partzela bat. “Eskaeren kopurua dauden tokien kopurua baino handiago izango balitz zozketa egingo litzateke toki bat lortuko duten pertsonak erabakitzeko eta, eskaeren kopurua txikiagoa izango balitz, eragin ingurua zabal liteke”, Aitor Soloeta Ogasun eta Sustapen Ekonomikoko zinegotziak azaldutakoaren arabera. Izena emateko epea ekainaren 5etik abuztuaren 4ra artekoa izango litzateke. Izenematea aparkalekua kudeatuko duen enpresak tokian bertan jarriko duen etxolan egin beharko litzateke eta plazak irailaren amaierarako egon litezke erabiltzeko prest. Plazak hartzeko ordena ere zozketa bidez erabakiko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun