Itzubaltzetako Segi: "hipokresia bagoiak"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 29a, 21:03

Euskal gizartearen gehiengoak bat egiten du abiadura handiko proiektuarekin. Ez ezerk ez inork ez du eraikitzea ekidingo. Irmotasun horrekin iragarri zuen Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren Bizkaiko ordezkariak Bizkaiko lanen hasiera. Ziurtasunik gabe dabilenaren irmotasunarekin, edo gezurretan ari dela dakienaren irmotasun faltsuarekin. Hamarkada bat daramate gu konbentzitu (engainatu) nahirik, handik edo hemendik proiektuaren onurak azalduz, baina oraindik zalantzak gehiegi dira horren ona omen den proiektu horretan. Izan ere, guk ez dugu denborarik alferrik galdu, urte guzti hauetan geroz eta gehiago dira proiektua geratzeko eskatzen duten ahotsak, publikoki eztabaidatzea eskatzen dutenak, hitza herritarroi ematea eskatzen dutenak. Argazkian, 2007ko abenduaren 15ean Arrasaten 15.000 bat pertsona bildu zituen AHTren aurkako manifestazioak / ahtgelditu.org.

Egunero gehiago gara diogunak ez diegula utziko gure herria txikitzen eurek aberastu daitezen; gure kontura aberasten, ama lurraren kontura eta bizi eredu berriak inposatzearen kontura. AHTren proiektuaren xedea ez baita garraio arazoak konpontzea; lurraldea antolatzeko modu berri bat inposatzera dator, baliabide guztien kontsumo bortitzean oinarritzen den eredua inposatzera. Oraindik, dena birrintzen duen makina kapitalistaren arabera jarduten ez duen bizi eredua apurtzeko eredua inposatzera dator.

Udalerrien arteko harremanei iseka egiten dien eredua da, ikuspegi merkantilistari soilik erantzunez. Diote euskal hiriburuen arteko harremanak hobetzeko helburua duela. Baina maparen ikuspegia zabaldu besterik ez da egin behar ikusteko euren estatuz gaindiko komunikazioak garatzeko ezinbesteko pieza bat besterik ez dela. Euskal Herrian pasekoa izango da tren hori, euren egiazko interesak lotuko dituen paseko munstroa.

Garai garrantzitsua da hau, badirudielako hartu dutela lan guztiei ekiteko erabakia. Ezkutuko hasiera, dena iluna eta dena gezurra. Ezin ziekeen bestela, iluntasuna eta gezurra ezinbestekoak baitira herriaren kontura aberasteko. Gure herrian inoiz egin den azpiegitura lan handienarentzat protokolozko ekimen bat bera ere ez. Ez argazki bakar bat ere lehen harria jartzen. Euren intentzioen errealitate makurraren erakusgarri. Herriari bizkar, eztabaidatzera esertzeko, dagokigun hitza itzultzeko oihu egiten diegun milaka pertsonei entzungor eginez. Diru truk bere burua saltzen duela dakienaren lotsarekin. Berberak baitira halako makro proiektu baten beharraz konbentzitu nahi gaituztenak eta, noski, honen eraikuntzarekin aberastuko direnak. Harrobiak, hormigoia, altzairua, hondakindegiak, makinak? neurriz kanpoko kopuruetan. EAEko Gobernuak etxebizitzan 50 urtean xahutuko duen aurrekontua. Dirutza xahuketa honetan falta dena Madrilek jartzen du, aurrez askotariko kupo bidez guri kendutakotik, noski.

Baina, "no problem"! Ezin da diruari begira aritu arriskuan horrenbeste dagoenean. AHTaren zarataren atzean interes mamitsuagoak ezkutatzen baitira. PNVko eta UPNko erregionalistak eta PSOE bidai lagun egiten dituzten interesak.

Lotsagarria da proposamena, agerikoa jokaldia. Madrilek agindu, eskuin erregionalistak kudeatu eta horretarako Euskal Herria saldu eta ukatu.

Egoera politikoaren itzulpena, beti, praktika ekonomikoa baita. PNVk alfonbra gorria jarri dio Madrili Arabako atetik sukalderaino sartu eta Uztaritzetik atera dadin. Hori bai, diru-poltsak etxean geratzen dira; PNVren etxean, noski. PSOEk bazkaltzera deitu du, PNVk mahaia jarri du, eta alderdiko enpresak euren tripatzarrak lehertu arte jatera doaz.

Badakite, ordea, etxe honetan, halako banketeak ez direla lasaiak. Are gehiago gainontzekoei ogi-apurrak ere ukatzen dizkigutenean.

Nafarroan beste horrenbeste, ezberdintasuna UPNk atea zabal-zabalik zuela. Eta badakigu, Nafarroan beti estatu arrazoia nagusi, batez ere behin eta berriz bere izatea ukatu nahi denean.

Euren kalterako aldiko gehiago dira barrikadaren alde honetara pasa direnak. Euskal Herria saltzen ez dugunon albora, herri sektoreen interesak defendatzen ditugunon aldera. Eragiten digunarekiko erabakitzeko eta iritzia emateko eskubidea defendatzen dugunon albora.

Geroz eta gehiago gara beste Euskal Herri bat eraikitzearen alde gaudenon aldean eta abian gara! Herria zeharkatzen ari gara informazioa emanez, astinduz, salatuz eta beste behin ere hau eta euren gainontzeko proiektu txikitzaileak berehala bertan behera utzi ditzaten eskatuz. Gu abian gara, negoziatzaile autoktonoen begirada lotsatuaren aurrean. Eta hilaren 31n Donostia beteko dugu, Madrilen begirada harrituaren aurrean; beste behin ere, ikusiko baitu bere interesen aurrean herri oso bat altxatzen zaiola ezetz esateko.

Larunbatean, 17:30ean, Donostiako Boulevardetik nazio manifestaldia. Autobusa Itzubaltzeta / Romotik irtengo da! Eman izena lehenbailehen gaztetxean, Brankan edo Kandilejas tabernetako zerrendetan!

Itzubaltzeta / Rromoko Segi
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun