Albert Lester Lehninger
1986ko martxoaren 4ean hil zen Albert Lester Lehninger, 69 urte zituela. Bere omenez idatzitako obituarioan, biokimikako katedradun estatubatuar batek, gutxi gora-behera, honela zioen: “Mundu osoko Biokimikako Sail asko bisitatu ditut eta berorien liburutegietan Biokimikako testuliburu ezberdinak aurkitu izan ditut. Soilik liburu bat topatu dut liburutegi guztietako apaletan, Lehninger-ena”.
Datu bat Albert L. Lehninger-ek liburugile modura izan zuen arrakastaren adierazle. 1970ean plazaratu zuen "Biochemistry" izeneko bere liburuaren lehen argitaraldia. Liburuaren azalean ez zen agertzen egilearen izena. 1975ean agertu zen bigarren argitaraldiko liburuaren azalean, "Biochemistry" zegoen goian eta "Lehninger" azpian, biak letra-tamaina berarekin. Jakina, Biochemistry hitzak letra gehiago dituenez Lehninger deiturak baino, artean liburuaren azalean nolabaiteko nagusitasuna mantentzen zuen liburuaren izenburuak egilearen deituraren aurrean. 1982an Lehninger-en liburuaren helburua eta formatua aldatu ziren eta, ondorioz, izenburua ere bai. Liburuaren azalaren goiko aldean "Lehninger" agertzen zen eta bere azpian "Principles of Biochemistry", letraren tamaina txikiagoan, hiru hitzen artean doi-doi egilearen deituraren luzera berdina ukan zezaten. Beraz, 1970eko liburuko azalean Lehninger deitura ez agertzetik, 1982koan erabateko protagonismoa edukitzera pasatu zen, adieraziz edo, egileak aurreko liburuekin lortutako ospeak bermatzen zuela edukia.
Nelson eta Cox
Esan bezala, azken liburu hori argitaratu eta handik lau urte eskasera zendu zen Lehninger. 1987an Nelson eta Cox izeneko biokimikari estatubatuarrek, liburuaren edukia zaharkituta geratzeko arriskuan zegoela ikusita "Principles of Biochemistry"ren bigarren argitaraldia prestatzeari ekin zioten eta 1993an kaleratu zuten. Liburu hau ere arrakastatsua gertatu zen eta hainbat hizkuntzatara itzuli zen; gure gertukoenak soilik aipatzearren, frantsesera, gaztelerara eta alemanerara. Gaur aurkeztuko den "Biokimikaren Oinarriak" deritzon "Principles of Biochemistry"-ren euskararako itzulpenarekin, gizarte aurreratuenetan gai honetaz jardutean erabiltzen diren hizkerekin euskara zientifiko-teknikoa homologatzeko ahaleginetan, zalantzarik gabe esan daiteke aurreranzko urrats oso garrantzitsua eman dugula.
Testu akademiko hori EHUk jorratzen ari den lan editorialari gehitzen zaio, izan ere beste liburu esanguratsuak argitaratu dira aurretik; hala nola, "Kimika Fisikoa", 2006an Robert Silbeyk eta Robert Albertyk egindakoa edota 2007ko "Mikroorganismoen Biologia", Michael Madigan, John Martiko eta Jack Parker egileek idatzitakoa.