Astelehenean abiatuko dute Areetako ludotekarako bazkidetza kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 29a, 22:03

Getxoko Udalak ekainaren 2tik 20ra arte izango du zabalik Areetako ludotekarako 2008/09 ikasturterako izena emateko epea. Bere lehenbiziko hilabeteetan zerbitzua 5 eta 12 urte arteko umeei eskaini bazai ere, irailetik aurrera 10 urte artekoetara mugatuko da, udal iturriek jakinarazi dutenez. Gainera, toki kopurua 100 barik 85koa izango da, "zerbitzuaren kalitatea hobetu eta erosotasunez lan egin ahal izateko". Bazkideek 2008ko irailaren 8tik 2009ko ekainaren 30ra arte izango dute ludoteka zerbitzua erabiltzeko aukera. 2009ko uztaila eta abuztuan bai bazkideek bai bazkide ez direnak sartu ahal izango dira bertara. Informazio guztia eta izena emateko orria 5 urtetik 10 urtera bitarteko umeak bizi diren Getxo udalerriko etxeetara igorri da. Edozelan ere, inskripzio orriak herritarrentzako arreta bulegoetan daude eskuragarri. Argazkian, ikastaro honetan Areetako ludotekan eskainitako ikuskizunetako bat.

85 plazetatik 20 Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako erabiltzaileak diren familietako umeentzat gordeko dira. Eta gainerako 65 plazak izena eman duten guztien artean zozketatuko dira ekainaren 26an ludotekan, 19:00etan. Hilaren 30ean, berriz, zozketaren emaitzak ezagutzera emango dira udal web orriaren bitartez (www.getxo.net). Sakeleko telefonoa eman dutenei SMS bidez jakinaraziko zaie emaitza. Bestalde, plaza egotzen zaienei bazkide txartela ere emango diete zerbitzua bi txandetan erabili ahal izateko: 17:00etatik 18:30ak arte, 5 eta 8 urte artekoek (2001, 2002 eta 2003an jaiotakoak) artekoentzat, eta 18:30etik 20:00ak arte 9 eta 12 urte (1998, 1999 eta 2000an jaiotakoak) artekoentzat.

Plaza esleitzekotan, onuradunak 10 eguneko epea izango du dagokion bazkide tasa ordaintzeko eta tasaren zenbatekoa gutxitzeko eskubidea ematen duen arrazoia egiaztatzen duen dokumentazioa emateko. Ikasturte osorako tasa 40 eurokoa da. Errenta gutxiko familien kasuan, tasa 10 eurokoa da; eta familia ugarien kasuan, 3 seme-alaba dituzten familiek 30 euro ordainduko dute eta lau seme-alaba edo gehiago dituztenek 24 euro.

Uztaila eta abuzturako eskaintza berezia

2008ko uztailean eta abuztuan Getxo udalerriko 5 eta 12 urte bitarteko ume guztientzat egongo da zabalik ludoteka, 10:30etik 13:30era, bi txandatan: 12:00etara arte 5 eta 8 urte artekoentzat; eta ordu horretatik aurreta, 9 eta 12 urte artekoentzat. Beraien seme-alabak ludotekan dauden bitartean, inguruan egon beharko dute gurasoek eta kontakturako telefono zenbaki bat ere utzi beharko dute .

Zerbitzuaren ganeko balorazioa

Udal arduradunek, gurasoek zein erabiltzaileek balorazio baikorra egin dute zerbitzuaren ganean, tokiko iturrien arabera. Ludoteka zabalik egon den hilabeteetan zehar joku eta tailer kooperatiboak, orotariko jolasak barruan zein kalean, papiroflexia, filmen emanaldiak, jolas askeak, eta abar egin dira. Lehenengo txandakoak izan dira ludotekara sarriago joan direnak, hau da, 8 urtetik beherakoak. Izan ere, ludoteka txanda berean 19 ume biltzera iritsi da. Bigarren txandan, ume gehien egon diren egunean 13 izan dira (gehienak 9 eta 10 urte bitartekoak).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun