San Mamesen jokatuko da Lamiakoko Mundialtxoaren finala

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 30a, 13:37

Aurten ere herrialdeen arteko futbol txapelketa egingo dute Lamiakon. Oraingoan Hegoamerika eta Afrikako gizonezko eta emakumezkoen 24 selekzio parte hartuko dute, leioaztarrez osatutako Euskal Selekzioaz gain. Aurtengo berrikuntzarik handiena finala izango da: azken partidara heltzen diren taldeek San Mames futbol zelaian jokatzeko aukera izango dute, uztailaren 5ean. Horrenbestez, larunbat honetan, maiatzak 31, emango zaio hasiera BBK Mundialtxoari. Aurreskuaren ondoren egingo den ohorezko sakea egun kirolari profesional direnak edo izandakoak egingo dute, aurrekoetan bezala. Aurtengo aurkezpenean BBKko zuzendariorde orokorra Jon Mancisidor eta Eneko Arruebarrena alkate leioaztarra izango dira. Horiez gain, Athleticeko jokalari batzuk ere bertan egongo dira, eta horiekin batera, Munduko txapeldun Javi Conde atleta paralimpikoa. Partida Tropikal Irratiak emitituko du. ASMUL Lamiakoko kultura anitzeko elkarteak eta Leioako Udalak antolatutako ekimena, kirol ekitaldia izateaz gain, "jai erraldoia" izateko helburua du; "giza integrazioa eta kulturala sustatzeko jaia hain zuzen", sustatzaileek adierazi dutenez. Argazkian, Mundialtxoaren aurreko edizio batetako irudia / Wikipedia.

Aurtengo txapelketan parte hartuko duten selekzioak ondorengoak izango dira: A taldean, Euskal Herria, Kolonbia, Senegal eta Argentina; B taldean, Brasil, Paraguai, Peru eta Errumania; C taldean, Ekuatore, Maroko, Andeetako selekzioa eta Bere Bereak; eta D taldean, Bolivia, Honduras, Ekuatore Ginea eta Tropikal Irratia. Partidak ekaineko asteburuetan jokatuko dira, eta finala uztailaren 5ean izango da, 16:00etan, San Mames futbol zelaian. Azken hori "kirol eguna izango dugu, baina beti ere jai giroa mantenduz", antolatzaileek adierazi dutenez. Hainbat zozketa ere izango dira eta sari banaketekin amaituko da eguna. Finalistek, kopaz gain, ekipamendu berria jasoko dute.

Kultur arteko topagune

Esan bezala, kirolaz gain, BBKren txapelketa horrek dantzen egitarau osotu bat ere badu. Horretaz ere ASMUL elkartea arduratzen da. Aipatu taldea Lamiakoko futbol zelaian elkartu ohi direnek osatzen dute. Bertan futbolean jokatu eta lagunen arteko topaketak egiten dituzte. Lamiakoko futbol zelaia 2005ean inauguratu zen, BBK Solidarioak eta Leioako Udalak berritu ostean. Egun, kultur ezberdinetako biztanleen topagunea bilakatu da: astero biltzen dira lagunekin kirola praktikatzeko eta ordu batzuk igarotzeko elkarrekin. Hori dela eta, hainbat talde jatorri ezberdinetako pertsonez osatutakoak dira, gehienbat hegoamerikarrak, baina afrikarrak ere asko dira.

Egitaraua:

Maiatzak 31, larunbata
Inaugurazioa.

11:00 Taldeen aurkezpena eta kamiseten banaketa.
12:00 Herrialde ezberdinetako dantzen ikuskizuna: Bolivia eta Peru.
12:30-16:00
- Aurreskua eta ohorezko sakea.
- Gizonezkoen lehen partida.
- Emakumezkoen lehen partida. Futbol 8.

Gainontzeko jardunaldiak:

- Ekainak 1
- Ekainak 7-8
- Ekainak 14-15
- Ekainak 21-22
- Ekainak 28-29

Ordutegia: 10:00etatik 18:00etara, larunbata eta igandeetan.

Uztailak 5, larunbata
Finala, San Mamesen.

16:00 Gizon eta emakumezkoen finalisten partidak.
19:00 Sari banaketa.
Bost sari izango dira gizonen taldeentzat eta beste bost emakumezkoentzat: lehenengo hiruentzat, galeatzailerik onenarentzat eta atezain onenarentzat.
19:30 Herrialde ezberdinetako dantzak: Kolonbia eta Afrika.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun