Udako ikastaro eta barnetegietarako matrikula zabaldu du AEK-k

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 30a, 15:08

AEK-k dagoeneko zabalik du matrikula epea udan euskara ikasi nahi duen ororentzat, euskaltegi eta barnetegietan aukera ezberdinak eskainiz. Ikastaroak uztailean, abuztuan edota irailean izango dira herri euskaldunetan kokatutako barnetegietan eta AEKren euskaltegietan. Guztira, AEK-k 100 bat euskaltegi izango ditu zabalik Euskal Herri osoan, herritik oso urruti alde egiterik ez eta egunean bost orduko ikastaro trinkoa egin nahi duten ikasleentzat. Ikasturtean zehar ikasitakoa finkatzeko, euskararen hastapenak ezagutzeko edo 3. maila zein EGArako azterketa prestatzeko parada izango dute edozein mailatan matrikulatutako ikasleek, etxetik oso hurbil. Baina uda opor garaia dela aprobetxatuz atseden egun horiek euskara ikasteko, eta aldi berean Euskal Herria ezagutzeko, lagunak egiteko eta ondo pasatzeko erabili nahi dituzten pertsonek eta familiek ere ez dute aukerarik faltako. Edozein zalantza argitzeko, eskualdeko euskaltegietara jo edo 902 362 294 telefonora dei daiteke. Argazkian, udako ikastaroen irudia.

Bi asteko barnetegiak

Barnetegira doan ikasleak 90 eskola ordu izango ditu barnetegian bertan, baina hortik kanpo ere, euskaraz bizi ahal izatea bermatuko du barnetegiak herri euskaldunetan kokatuta egoteak. Azken batean, barnetegian denetarako astia dago: "ikasteko, txangoak egiteko, ekintzak antolatzeko, lagun berriak egiteko eta ondo pasatzeko, finean, oporretan euskaraz bizitzeko" AEKren kideek gogoratu dutenez. Aurten barnetegi hauek Arantzan eta Foruan antolatuko dira uztailaren 7tik 20ra, uztailaren 21etik abuztuaren 3ra, abuztuaren 4tik 17ra, abuztuaren 18tik 31ra, eta irailaren 1etik 14ra bitartean. Barnetegi hauetan izena emateko derrigorrezkoa da 1A maila (lehenengo hiru urratsak) gaindituta izatea.

Familientzako barnetegiak

Barnetegi mota honen helburua gurasoen eta seme-alaben arteko harremana euskaraz gauzatu dadin laguntzea da, ohituraren poderioz askotan zaila suertatzen delako horrela komunikatzea. Gurasoak euskara eskolak jasotzen dituzten bitartean, umeak begirale eta hezitzaileen zaintzapean egoten dira, eta guztien “eginbeharrak” bukatutakoan elkartzen da familia, eguneko gorabeherak elkarri kontatu eta euskaraz aritzeko ohitura sendotzeko. Familia barnetegietan gurasoek 1B mailaren hasiera izan behar dute eginda eta eurekin joango diren 4 eta 12 urte bitarteko umeek D ereduan egon behar dute matrikulatuta. Adunan, Foruan eta Berrizen antolatu dira familientzako barnetegiak, uztailaren 7tik 20ra eta abuztuaren 4tik 17ra bitartean.

Barnetegi ibiltariak

Mintzapraktika, kirola eta Euskal Herriko txokoen eta euskalkien ezagutza uztartzeko aukera eskaintzen du barnetegi ibiltariak. Kasu honetan ez dago eskola ordurik, baina izena ematen dutenek bermatuta dute euskara hutsean komunikatuko direla egun osoan elkarren artean. Bi izango dira aurten mota honetako barnetegiak: uztailaren 21etik 26ra oinez egingo dena; abuztuaren 2tik 17ra bitartean bizikletaz egingo dena.

Iparraldean ikastaro bereziak

Hainbat barnetegi antolatu ditu AEK-k Iparraldean: Urepelen hamabi eguneko bi barnetegi burutuko dira, uztailaren 7tik 18ra lehenengoa eta abuztuaren 4tik 15era bigarrena, eta maila guztietako ikasleek eman ahal izango dute izena, baita hutsetik hasi nahi dutenek ere. Ez da beharrezkoa, beraz, Hegoaldeko barnetegietan gertatzen den gisan, gutxieneko ezagutzarik izatea. Bestalde, bost eguneko xiberera ikastaroa egingo da Zuberoan abuztuaren 4tik 9ra bitartean. Bertako euskalkiaren ezaugarriak ikasteaz gain, herrialde honetako kultura, historia eta ohituren zertzelada batzuk ere ezagutu ahal izango dituzten ikasleek. Iparraldeko ohiko eskaintzaz gain aurten beste bi ikastaro berri antolatu ditu AEK-k: ur-kirolak ikasteko ikastaroa, eta dantza ikastaroa, abuztuaren 11tik 15era.

Barnetegi bat baino gehiago eginez gero, beherapenak egongo dira, baita langabeentzat ere Iparraldean. Halaber, ikastaro batzuek diru-laguntzak jasotzen dituzte. Informazio gehiago, hurbileneko euskaltegian edo 902 36 22 94 telefonora deituta.

Barnetegien leku, data, matrikula prezioak eta, parentesien artean, izena emateko epemuga

• 1A mailatik aurrera. Arantzan edo Foruan, 2 aste, 90 ordu. 447 euro.
- Uztailaren 7tik 20ra (ekainak 26).
- Uztailaren 21etik abuztuaren 3ra (uztailak 10).
- Abuztuaren 4tik 17ra (uztailak 24).
- Abuztuaren 18tik 31ra (abuztuak 7).
- Irailaren 1etik 14ra (abuztuak 27).

• Maila guztiak. Urepelen. 12 egun. 570 euro (langabeek, 420). AEK-kideek, 530 euro (langabeek, 380).
- Uztailaren 7tik 18ra (ekainak 19).
- Abuztuaren 4tik 15era (uztailak 18).

• Familia barnetegiak. Adunan, Foruan edo Berrizen. 2 aste, 90 ordu. Helduek: 471 euro. Haurrek: 280
- Uztailaren 7tik 20ra (ekainak 26).
- Abuztuaren 4tik 17ra (uztailak 24).

• Barnetegi ibiltaria bizikletaz. Euskal Herrian zehar.16 egun. 405 euro.
- Abuztuaren 2tik 17ra (uztailak 11).

• Barnetegi ibiltaria oinez. GR 10 Euskal Herrian. 6 egun. 440 euro. AEK-kideek, 400.
- Uztailaren 21etik 26ra (uztailak 1).

• Xiberera ikastaroa. Zuberoan. 6 egun. 305 euro (langabeek 230). AEK-kideek, 265 euro (langabeek 190).
- Abuztuaren 4tik 9ra (uztailak 18).

• Dantza eta Ur kirolak ikastaroak. Miarritzen. 5 egun. 410 euro (langabeek 285). AEK-kideek, 370 euro (langabeek 245).
- Abuztuaren 11tik 15era (abuztuak 1).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun