Ekainaren 14an egingo dute atzoko euriteengatik atzeratutako Sopelako herri lasterketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 2a, 20:49

Atzoko euri jasa gogorrek Sopelako XXIII. Herri Lasterketa bertan behera geratzea ere eragin zuten. Hartara, ekitaldia ekainaren 14ra, larunbatarekin, atzeratzea erabaki du Urko Mendi Taldeak. Gora beherak alde batera utzita, aurtengo edizioan bi proba egingo dira: bata, 18 kilometrotakoa helduentzat, 8:30ean hasita; eta bestea, 8 eta 10 kilometro artekoa, 11 urterainoko gaztetxoentzat, 10:30etik aurrera. Helmugara heltzean odoloste pintxoak, lukainka eta edariak izango dituzte ibiltari guztiek. Txikientzat opariak izango dira eta ezustekoak parte hartzaile denentzat. Bestalde, ekainaren 21erako II. Skate Lehiaketa Irekia antolatuko dute Sopelako Udal Gazteria Sailak eta Gazte Informazio Bulegoak, QIX Skateboards Rider Skate, Soda eta Alai-ren laguntzarekin. Proba goizeko 10:00etatik aurrera izango da Balea pilotalekuan (Mendieta kalean), hiru mailatan banatuta: 10 urte azpikoak, 12 urte azpikoak eta 16 urte azpikoak. Arratsaldean, 16:00etan 16 urte gorakoentzako lehiaketa egingo da.

Kategoria bakoitzeko hiru sari banatuko dira: 1000, 500 eta 300 eurokoak. Gainera, 200 euro eskainiko dituzte Sopelako patinari onenarentzat eta partaide guztiek opariak izango dituzte. Igandean, ekainak 22, Skate Expresion erakustaldia egingo da Iturrieta parkean. 11:30etik aurrera BBK Skate Tour Eskola ikastaroak hasiko dira. Arratsaldean, berriz, txapelketa izango da 16:00etatik 18:00etara, ekainaren 28an Zorrozaurren egingo den finalerako sailkatzeko baliagarria. Ondoren erakustaldia izango da.

Herri lasterketak bi ibilbide

Hilaren 14ko heri lasterketara bueltatuz, batzoki aurretik abiatuko da helduen proba, errepide nagusitik Larrabasterrara joan eta handik Munarrikolanda, Unbeko bunkerra, Garden Center eta Urduliz zeharkatuz. Bertoko, batzokian geldialdia egingo da. Gane gainetik jarraituko du ibilaldiak, Plentziako Canta Rana-rarte. Barrikako elizan bigarren kontrol-geldialdia egingo da, eta handik Meñakozera jarraituko dute ibiltariek, Ander Deuna baselizan Balearen parkerako norabidea hartuz. Eguerdian amaitzea espero da.

Gaztetxoak ere Sopelako batzokitik abiatuko dira, Larrabasterrako Urgitxieta errotondarantz, ikastolaren atzetik Urdulizera iritsiz. Hango geldialdia egin ondoren, Balearen parketik itzuliko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun