Zaparradek ez dituzte eskulangintza zaleak kikildu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 2a, 21:56

Larunbat eta igandean izandako euri-jasari irmo eutsi zion asteburuan Areetako Xake plazan ospatu den Getxoko XXV Eskulangintza Azokak. Getxoko Kultur Etxeak egindako kalkulu baikorraren arabera, 20.000 bat pertsona bildu dira artisauen inguruan eguraldi kaxkarrari aurre eginez. Lehenengo egunean, ostiralean, aurreko ekitaldietan baino jende gehiago bildu zen bertan. Larunbatean eta igandean bereziki eguraldi txarra oztopo bilakatu zen bisitarientzat eta, iaz gertatu zen bezala, azokaren esparrua ez zen bete; hala eta guztiz ere, "bisitari kopurua ez zen makala izan", udal teknikariek jakinarazi dutenez. Ohi bezala, Euskal Herriko eskulangileez gain, nazioarteko ordezkaritza zabal izan zen. Besteak beste, Irlandako, Italiako, Portugalgo, Frantziako, Gaztelako, Herrialde Katalanetako, Asturiaseko eta Andaluziako artisauek parte hartu dute azokan. Horrela, bada, eskulangintza zenbait eratan ikusteko eta ulertzeko aukera izan dute bisitariek.

Sari bat Erandion gelditu da

Aurten emandako sariei dagokienez, Bartzelonako Juan Carlos Gutierrez bitxigileak irabazi zuen diseinu lehiaketako lehenengo saria, bitxiz eginiko burukoaz baliatuz. Bigarren saria Tronquitos de Soria tailerreko Norbert Storbeckek (Calatañazor, Soria) eskuratu zuen, egurrezko erlojua aurkeztuta. Stand Lehiaketari dagokionez, Bizkaiko Erandio eskulangintza-guneak atera da irabazle eta bigarren saria Adoracio Garrigaren Som Naturals ehun-tailerrak eskuratu du.

Horrezaz gain, hainbat espezialitate egon da ikusgai azokan: zeramika, bitxigintza, ehuna, harriak, metala, larrukigintza eta landare-zuntzez eginiko lanak. Halaber, ezin dira ahaztu eskulangintzan hain ohikoak ez diren beste arlo batzuk ere. Guztira, 25 izan dira Getxon ikusi ahal izan diren eskulangintza arloak. Halaber, gastronomia-gunea ere izan da, Ibaiondo kalean, hain zuzen ere, eta bertan 14 salerosle bildu dira hiru egunetan zehar.

Aipatzeko da zuzenean eginiko erakustaldiek izan duten arrakasta. Goizez eta arratsaldez, lau eskulangile jardun dira zuzenean, publikoak eskulanak nola egiten diren ikusteko. Aurten, bisitariek harzuria nola lantzen den ikusteko aukera izan dute, Begoña Gutierrez Fombella artisau asturiarraren eskutik. Bestalde, Alfredo Zatorre eskarmentu handiko forjari nafarrak burdin lanaren teknikak erakutsi ditu. Jarduera luzeko beste euskal artisau bat ere etorri da Getxora: Roman Aduriz, hain zuzen ere, egurrezko kateak pieza bakarrean egiteko teknika lantzen duena. Azkenik, Extremadurako Ana Maria Santiago Lineros ehuleak esku-ehungailua ekarri du eta, tradiziozko tresna horrez baliatuta, publikoari erakutsi dio nola egiten diren ehunak. Gainera, eskulangile horren eskutik, gaztetxoenek ehungintza ezagutzeko aukera izan dute, haurrentzako tailerra egon baita.

Datorren urteko ekitaldia

Datorren urtean, antolatzaileek berriro gonbidatuko dituzte aurten parte hartu duten eskulangile guztiak. Euri-jasaren ondorioz bisitari kopurua nabarmen gutxitu da eta, logikoki, salmentak ere jaitsi dira, eta, horrela, galerak konpentsatu ahal izango dituzte artisauek. Beraz, 2009an ere aurten bildu diren eskulan espezialitate aniztasunaz gozatzeko aukera izango dute eskulangintza-zaleek. Aniztasun hori azokak eskulangileen artean sortu duen interes handiaren isla da. Izan ere, aurten inoiz baino eskaera gehiago jaso dira azokan parte hartzeko: 348, hain zuzen ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun