Auto baten gidaria arin zauritu zen pasa den larunbatean, maiatzak 31, Leioako Avanzada errepidean izandako istripua dela medio. Gertaera goizeko 5:30ak aldera jazo zen Leioako tuneletako baten sarreraren parean. Herrizaingo sailak zabaldu duenaren harira, Getxoko noranzkoan zihoan BMW 320D turismo bat errepidetik atera zen eskumako aldetik eta, mugarri bertikal baten kontra eta argiztapen seinale baten aurka jo ondoren, ezkerretara irauli zen. Istripuaren ondorioz, autoaren gidaria, 34 urteko G.P.E., arin zauritu eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Ondoren, Ertzaintzak atxilotu egin zuen, alkoholemia kontrolean positibo eman zuelakoan. Errepidea itxita geratu zen hainbat orduz. Bestalde, Leioakoaz gain, Ertzaintzak beste bi gidari atxilotu zituen Uribe Kostan asteburu honetan, biak Getxo udalerrian eta alkoholaren eraginpean gidatzen zutelakoan.