Larunbat gauean hasi ziren eta igandean zehar etenik gabe jarraitu zuten eurite handiek Sopelan ere kalte handiak egin dituzte, Larrabasterrako auzoan batik bat, tokiko iturriek gaur jakitera eman dutenez. "Igande goizaldeko hiruretatik aurrera, udaltzaingoa alerta egoeran egon zen, zonaldeko Ertzaintzaren arduradunekin elkarlanean. Gainera, herriko azpiegitura eta ur sarearen mantenu taldeak larrialdiko konponketa bat egin behar izan zuen, lubizi batek ur-hodi bat kaltetu zuen eta", azaldu dute. Kalteen eta gertakari anitzen zenbaketa zehatza egin zain, Urko kiroldegira doan bidean, Arabeta kalean, lubizia izan zela eta kirol azpiegiturak erabat ureztatu zirela nabarmendu dute udal arduradunek. Argaluza kalean ere lurjausiak gertatu ziren, baita Loiola Ander Deunako inguruetan ere, Lemotza ibiaiaren ondoan; horrek gainezka egin baitzuen Errekagane inguruan, hodi-biltzailea eta haitzak kaltetuz. Fraidemendin ere lubiziak gertatu ziren, uren banaketa sare nagusiaren ondoan, baita Saituko ibaian ere, kiroldegiaren ondoan. Gainera, hainbat etxaldetako garajeak, industriguneko pabilioiak eta udaletxeko lehen solairuko artxibo gela urez bete ziren. Argazkian, Urko kiroldegiko aretoetako bat urez gainezka.