Joan den asteburuan, maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean hain zuzen, Leioako Udal Musika Eskolako La Kantoria abesbatzak (argazkian) Espainiako X. Kantu Koraleko Nazio Sari Nagusia irabazi zuen. Txapelketa Zumarragan izan zen eta bertan Estatu espainiarreko sei koru-txapelketen 2007ko irabazleak lehiatu ziren. Leioako udal iturriek azaldu dutenez, "La Kantoriak programa osotuak eta ausartak aurkeztu zituen, garai ezberdinetako lanak bildu eta estilo zein zailtasun maila tekniko altua zituztenak". Johan Duyick (Belgika), Vasco Negreiros (Portugal), Jesus Egiguren (Euskal Herria), Alejandro Yague (Burgos, Gaztela) eta Juan Luis Martinez (Valentzia, Herrialde Katalanak) leioaztarrei eman zizkieten polifonia eta folklore arloetako sariak, eta ondorioz 2008ko sari nagusia eskuratu zuten. Taldea 44 gaztez osatuta dago, denak 15 eta 20 urte bitartekoak. Kantika Koralean egindako lanari jarraipena emateko helburuarekin, Leioako Udal Musika Eskolan 2005ean jaiotako abesbatza dugu.