Jaurlaritzak alerta eman zuela adierazi arren ezetz dio Aldundiak

Gaurko Gobernu Kontseiluaren bilera bukatuta, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazitakoaren arabera, Euskalemet Euskal Meteorologia Agentziak 19:00etan eman zion abisua SOS Deiak zerbitzuari, larunbatean (maiatzak 31), eta handik larrialdietako zerbitzuei, aldundiei eta udalei luzatu zieten. "Egia da koordinazio faltagatik kritikak egon zirela, beranduago heldu ziren tokiengatik", aitortu du. Hala ere, "ura heltzen denean heltzen" dela, eta "horren aurrean ezin" dela "ezer egin", aipatu du Azkaratek. Baita ura "heldu zenean txalupak eta suhiltzaileak hor" zeudela gaineratu ere. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, baina, "larunbat arratsaldean" Bizkaiko Aldundiak eta larrialdietako zerbitzuek ez zutela "inongo alertarik" jaso adierazi du goizean emandako prentsaurrekoan. "Metro koadroko 60 litro ur botako zituela zioten iragarpenak" heldu zitzaizkien "bakarrik", foru arduradunaren esanetan. Bestela ere, Aldundiak egoera larria zela eta ondorioak ere larriak izango zirela jakin zuenean, "erabilgarri zeuden zerbitzu guztiak mobilizatu" zituela aipatu du Bilbaok. Argazkian, Iosu Madariaga Ingurumen diputatuarekin eta Patxi Sierra-Sesumaga Administrazio Publiko eta Udal Harremanetako diputatuarekin batera agertu da hedabideen aurrean Bilbao.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun